EAJ-PNV Oriok AP-8aren loturaren aurrerapena ospatu du, udalerriaren etorkizunerako funtsezko azpiegitura delako

Gipuzkoako Foru Aldundiak Bilborako noranzkoko trazadura berriaren proiektua idazteko lana esleitu du; urrats horri esker, behin betiko irtenbidea zehaztu ahal izango da udalerriaren konexioa hobetzeko.

EAJ-PNV Oriok AP-8aren loturaren aurrerapena ospatu du, udalerriaren etorkizunerako funtsezko azpiegitura delako 21Irailak
IrailaK 21 |
ORIO

PARTEKATU

EAJ-PNV Oriok modu positiboan baloratu du AP-8aren lotura hobetzeko proiektuak aurrera egin izana, Félix Urkola Bide Azpiegituretako foru diputatuarekin izandako bileraren ostean. Bilera horretan, udal taldeak zuzenean ezagutu ahal izan du proiektuaren egungo egoera eta hurrengo urratsak. Azpiegitura hori udalerriarentzat lehentasunezkotzat jo du talde jeltzaleak azken urteotan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak dagoeneko esleitu du Bilborako noranzkoko AP-8aren trazadura berriaren proiektu publikoa idazteko lana. Lan tekniko horri esker, dauden aukera desberdinak aztertu eta Orio bere ingurunearekin lotzeko eta mugikortasuna hobetzeko irtenbiderik egokiena zehaztu ahal izango da.

EAJ-PNV Oriok nabarmendu du aurrerapen hori azken lau urteetan egindako etengabeko lanaren emaitza dela. Helburua azpiegitura hau erakundeen lehentasunen artean kokatzea eta lotura hobetzeko beharra helaraztea izan da, oriotarrek urteetan zehar behin eta berriz adierazi duten eskaerari erantzunez.

“AP-8aren lotura beharrezko jarduketa da Oriok etorkizunari begira dituen erronkei erantzuteko, eta EAJ-PNVtik hasieratik egin dugu lan hori bultzatzeko. Foru Aldundiarekin etengabeko harremana izan dugu eta erakundeen aurrean defendatu dugu gure udalerriarentzat funtsezkoa den azpiegitura honetan aurrera egitearen garrantzia”, adierazi dute talde jeltzaletik.

EAJ-PNV Oriok uste du proiektua idazteko lanaren esleipena urrats garrantzitsua dela, nahiz eta oraindik fase tekniko eta administratibo batzuk bete behar diren behin betiko irtenbidea zehazteko. Horregatik, udal taldeak berretsi du lanean jarraituko duela jarduketa honek aurrera egin dezan eta errealitate bihur dadin.

“EAJ-PNV Orion argi dugu gure zeregina dela udalerriaren beharrak defendatzea, herritarrak entzutea eta erakundeekin batera lan egitea oriotarren bizi-kalitatea hobetuko duten aurrerapausoak lortzeko”, amaitu dute.

 

Interesatu Zaitez