Vaquerok Espainiako Gobernuari mugaren auzian inplikatzeko eskatu dio: "Frantziako homologoarekin hitz egin behar du mugaz gaindiko trafikoaren itogunea konpontzeko"

EAJ-PNVk Kongresuan duen bozeramaileak Irungo alkatearen demagogia kritikatu du, eta ohartarazi du "arazoa ez dela udalerri honetan errepideak falta direla, baizik eta Frantziak muga itogune bihurtu duela»; horregatik, Espainiako erakundeei elkarlanean aritzeko eta solaskidetza-lana betetzeko eskatu die: «Ezin da arazo honen ikusle hutsa izan"

Vaquerok Espainiako Gobernuari mugaren auzian inplikatzeko eskatu dio: 24Abuztuak
AbuztuaK 24 |
Kongresua

PARTEKATU

«Ezin dugu arreta arazoaren benetako jatorritik desbideratu. Uda oro Irun eta Bidasoaldea kolapsatzen dituzten auto-ilarek Frantziako agintariek mugan eta Biriatu inguruan ezarritako murrizketetan, errei-itxieretan eta kontroletan dute arrazoi nagusia. Arazoa ez da Irunen errepideak falta direla; hori demagogia da. Arazoa da Frantziak muga itogune bihurtu duela, eta horren ondorioak Hegoaldeko milaka herritar ari direla pairatzen», adierazi du Maribel Vaquerok, EAJ-PNVk Diputatuen Kongresuan duen bozeramaileak.

Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, aurreikuspenen arabera, 2,7 milioi ibilgailuk zeharkatuko dute muga uda honetan, 2025eko aldi berean baino % 6 gehiagok. Neurri handi batean, Itsasartea Igarotzeko Operazioarekin (OPE) lotutako nazioarteko trafikoa da: Afrika iparraldetik, Portugaletik edota Espainiako hegoaldetik datozen milaka ibilgailuk Euskadi zeharkatzen dute, Europako hainbat tokitara bidean. Mugako igarobidearen edukiera gainditzen denean, auto-ilarak berehala uzten diote AP-8ra mugatutako arazo izateari. Trafikoa Irunera, eskualdeko errepideetara eta Gipuzkoako beste bide batzuetara desbideratzen da; egoera are gehiago larriagotzen da nabigazio-aplikazioek milaka ibilgailu ibilbide-alternatiboetara eta bigarren mailako errepideetara bideratzen dituztenean, bide horiek ere ez baitute zirkulazio-bolumen hori xurgatzeko gaitasunik.

«Jakina, gure errepide-azpiegiturak hobetzen jarraitu behar dugu, eta Irunen zein Gipuzkoa osoan mugikortasuna hobetzeko lanean jarraitu. Inork ez du hori zalantzan jartzen. Baina egun hauetako auto-ilarak errepide gehiago eraikita besterik gabe konponduko direla sinetsarazi nahi izatea arreta nahita desbideratzea da. Arduragabea da tamaina honetako mugaz gaindiko arazo bat sinplifikatzea, barne-borroka politiko bihurtzeko», kritikatu du Vaquerok.

«Erabakiak Frantzian hartzen dira, baina auto-ilarak hemen pairatzen ditugu»

«Arazo honek aurrea hartzea, koordinazioa eta, batez ere, konponbideak eta herritar guztien interesa bilatuko dituen erakundeen arteko lankidetza eskatzen ditu»; horregatik, gogorarazi du Eusko Jaurlaritza udaltzaingoekin lanean ari dela trafikoa kudeatzeko, eta Frantziako agintariekin ere bai, horrelako egoeren eragina ahalik eta gehien murrizten saiatzeko.

«Hala ere, bada errepideei buruzko eztabaida baten atzean ezkutatu ezin dugun errealitate bat: mugaren edukiera murrizten duten erabakiak Frantzian hartzen dira, baina auto-ilarak hemen pairatzen ditugu. Eta Frantziak igarobideak ixten edo mugatzen dituenean, orain gertatzen ari den bezala, Bidasoaldea Europako muga baten itxaron-eremu bihurtzen da automatikoki», salatu du.

EAJ-PNVren ustez, egoera honek esku-hartze puntualetatik harago joatea eta erakundeen arteko lankidetzarako mekanismo egonkor bat ezartzea eskatzen du, auto-ilarek neurri jasanezinak hartu aurretik neurriak koordinatu ahal izateko. «Ezin gara hurrengo auto-ilaren zain geratzera mugatu, eztabaida berari berriro hasieratik ekiteko. Badakigu noiz gertatzen diren joan-etorri handiak, badakigu zein diren puntu kritikoak, eta badakigu zer erabakik eragiten duten kolapsoa. Aurrea hartzea, koordinazioa eta Frantziarekin solaskidetza izateko gaitasuna behar dira», defendatu du.

Horregatik, bozeramaile jeltzaleak Espainiako Gobernuari inplikazio handiagoa eskatu dio, bai Frantziako agintariekiko solaskidetzan, bai konponbide koordinatuak bilatzeko orduan: «Gaur egun Garraioetako Estatu idazkaria denak oso ondo ezagutzen ditu mugaz gaindiko trafikoak Irunen eta Bidasoaldean dituen ondorioak. Bera Irungo alkate zenean ere Espainiako gobernuari mugatik eratorritako arazoen konponbidean inplikatzeko eskatzen zion; arazo horiek, gainera, Ceutako krisiaren ondorioz larriagotu egin dira orain. Gaur egun duen erantzukizunetik, Madrildik Irunen zegoenean eskatzen zuena egiteko aukera du. Beharrezkoa da Espainiako agintariak ere arduratzea eta inplikatzea, eta solaskidetza erraztea, Frantziari autoak Iparralderantz igarotzea erraztuko duten neurriak eskatzeko», adierazi du.

«Gutxiago desbideratu arreta eta gehiago konponbideak eman. Has gaitezen arazoari dagokion izenez deitzen: muga bat dugu, eta haren murrizketek Bidasoaldeko mugikortasuna eta Euskadik Europarekin duen lotura itotzen ari dira. Eta arazoa konpontzeko, haren jatorrian ere jardun behar da: mugaren beste aldean. Estatuko Gobernua ezin da ikusle hutsa izan», amaitu du Vaquerok.

Interesatu Zaitez