Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa formatu telematikoan bildu da uztailaren 9an, eta erabaki bakarra hartu du aho batez: Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistemaren finantzaketa osagarria onartzea
15Uztailak Euskadiko ordezkariak izan dira: Noël d’Anjou, Ogasun eta Finantzetako sailburua; María Ubarretxena, Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburua; Ramiro González, Arabako diputatu nagusia; Elixabete Etxanobe, Bizkaiko diputatu nagusia; Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusia; eta Iñaki Alonso, Ogasuneko sailburuordea. Bestalde, Estatuko Administrazio Orokorraren ordezkariak izan dira: Arcadi España, Ogasuneko ministroa; Jesús Gascón, Ogasuneko estatu-idazkaria —Agustín Torres Lurralde Koordinazioko idazkari nagusia ere ordezkatu du—; María José Gualda, Aurrekontu eta Gastuen estatu-idazkaria; Miryam Álvarez, Lurralde Politikako idazkari nagusia; eta Mónica García, Autonomia eta Toki Finantzaketako idazkari nagusia.
Abenduaren 14ko 39/2006 Legeak (Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei arreta emateko Legea, Mendekotasun Legea) finkatu zituen Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema garatzeko oinarriak. Mendekotasun Legeak hiru babes-maila bereizten ditu: gutxieneko maila, adostutako maila eta maila gehigarria.
Mendekotasun Legean, Estatuak gutxieneko eta adostutako mailen inguruan hartutako finantzaketa-konpromisoak ezartzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Estatuaren konturako finantzaketa horretan duten partaidetza Ekonomia Itunaren sistemaren arabera egituratzen da. Horretarako, 2007. urteaz geroztik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek eta Estatuak zenbait akordio itxi dituzte Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren barruan, Euskadik Estatuaren konturako finantzaketan izango duen parte-hartze finantzarioa bideratzeko eta horretarako mekanismoak finkatzeko.
Mendekotasunaren kudeaketaren ondoriozko betebeharrek izan duten garapena kontuan izanik, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan ordezkatutako administrazioak, 2025eko apirilaren 10ean egindako bileran, bat etorri ziren baloratzean aurreikusitako estaldura-maila osatu beharko dela, Mendekotasun Legean ezarritako betebeharrak eta helburuak behar bezala beteko badira.
2025eko apirilaren 10eko bilera hartan erabaki zen Estatuaren konturako finantzaketa urtero iritsiko dela Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema kudeatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen ekitaldiko guztizko gastuaren ehuneko 50era. Akordio hori gauzatze aldera, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan ordezkatuta dauden administrazioetako ordezkariek osatutako lantalde bat sortu zen, aplikazio-metodologia aztertu eta prestatzera begira. Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2026ko martxoaren 25eko bileran, metodologia hori ezartzeko analisiak eta oinarriak aurkeztu eta partekatu ziren, eta behin betiko onartzeko epeak finkatu.
Inplikatutako administrazio guztiek analisi-, azterketa- eta negoziazio-prozesu luzea egin ondoren, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren 2026ko uztailaren 9ko bileran Estatuaren konturako finantzaketa-eredua berrikusteko eta osatzeko behin betiko metodologia onartu zen, Ekonomia Itunaren ereduarekin bat etorriko dena.
Metodologia horrek oinarri hartuko du Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek mendekotasunaren arloan egiten duten guztizko gastu doitua, eta horren arabera kalkulatuko du Euskadiri urtero dagokion finantzaketa osagarria eta bermatuko du Estatuko Administrazioaren konturako finantzaketa Autonomiaren Aldeko eta Mendetasunari Arreta Eskaintzeko Sistema kudeatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioen ekitaldiko guztizko gastuaren ehuneko 50era iristen dela. Urteko guztizko gastu doitua finkatzera begira, metodologiak egozte- eta homogeneizazio-irizpide tekniko jakin batzuk ezartzen ditu, proportzionaltasuna eta aplikazio zuzena ziurtatuko dutenak.
2026ko ekitaldi honetatik bertatik aplikazioa egokitze aldera eta eratzen den finantzaketa-esparru berrira modu ordenatuan igaro dadin errazte aldera, Akordioak 2026ko eta 2027ko ekitaldietarako behin-behineko finantzaketa osagarria finkatzen du.
Akordioaren ondorioz baliabideak gehitzeaz gain, akordioaren beraren iraunkortasuna eta betetze-bermea ere nabarmendu behar dira, Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordioen aldebiko izaera itunduaren indarrez. Hartara, etorkizuneko aurrekontuak egiteko garaian, segurtasun handiagoa eskaintzen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio guztiei.
Ildo horretatik, akordio hau eta onartzen duen metodologia Ekonomia Itunaren ereduan barne hartzearekin, bermatzen da finantzaketa-maila hori ez dela baldintzatuta geratuko Gorte Nagusietan egin daitezkeen lege-aldaketengatik, Ekonomia Itunaren sistemari datxezkion aldebikotasun- eta itun-printzipioei dagokien moduan. Horrenbestez, nabarmendu behar dugu akordio hau lagungarria izango dela Euskadiko autogobernu ekonomiko-finantzarioaren berezitasuna indartzeko.
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren akordio honen bidez, azken hamarkadako finantza-arloko garrantzitsuenetako bat, Eusko Jaurlaritzaren legealdi honen hasieratik batzorde mistoetan hartutako akordioen eta konpromisoen zikloa ixten da. Zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeek Estatuko Administrazioarekin egindako Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoaren bilera hau seigarrena da, joan den 2024ko azaroaren 13an egindakoaren ondoren. Guztira, askotariko gaien inguruko 46 akordio lortu dira, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ekonomia, zerga eta finantzaren arloko autogobernua defendatu eta etengabe eguneratzearekin zerikusia duten askotariko arloetan. Akordio horiek gobernuen arteko akordiorako eta elkarrizketarako gaitasuna islatzen du, eta Ekonomia Itunak, aldebikotasunean, adostasunean eta elkarrekiko errespetuan oinarrituta, Euskadiren eta Estatuaren arteko harreman-eredua arautzeko tresna erabilgarri eta guztiz gaur egungo gisa duen potentzialaren garrantzia nabarmentzen du.
Eta indartu egiten du autogobernu handiagoa ongizate handiagoa den printzipioa; izatez, akordio hori herritar guztien ongizaterako funtsezkoa den esparru baten barruan sartzen da: mendekotasun-egoeran dauden pertsonei ematen zaien arreta. Izatez, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen finantza-gaitasunak indartzen ditu, trantsizio demografikoak planteatutako erronkarekin zuzenean lotzen diren prestazio eta zerbitzuen ondoriozko premiei aurre egin dakien.
Iturria: IREKIA