Ondarroako EAJ-PNVk ‘Zapato Azularen” ostean EH Bilduren plangintza falta kritikatu eta jaiaren etorkizunari buruzko hausnarketa partekatua egitea eskatu du

Jai egunaren 27. edizioaren ostean, jeltzaleek uste dute EH Bilduren Udal gobernuak bazekiela ospakizunak antolaketa eta garbiketa aldetik eskatzen dituen beharrak zeintzuk diren, eta datozen urteetarako baliabideak indartzea eskatu dute.

Ondarroako EAJ-PNVk ‘Zapato Azularen” ostean EH Bilduren plangintza falta kritikatu eta jaiaren etorkizunari buruzko hausnarketa partekatua egitea eskatu du 14Uztailak
UztailaK 14 |
ONDARROA

PARTEKATU

Ondarroako EAJ-PNVk aurtengo Zapato Azularen balorazioa egin du. Bertan, ospakizunak herriarentzat duen balio handia aitortzeaz gain, EH Bilduren Udal gobernuari eskatu dio tamaina honetako ekitaldi batek sortzen dituen beharrei erantzuteko "kudeaketa arduratsuagoa" izan dezala.

“Zapato Azule Ondarroako ospakizunik maitatuenetako eta esanguratsuenetako bat da”, jeltzaleek adierazi duten legez. Urtero milaka lagun biltzen ditu, eta herriaren nortasuna erakusteko ezinbesteko erakusleihoa da, antolatzaileen borondatezko lanari eta egun berezi hau posible egiten duten pertsona guztien ahaleginari esker.

Hala ere, EAJ-PNVren iritziz, bada nabarmendu beharreko alderdi negatibo bat ere: zikinkeria edo garbiketa falta. Eta jaiaren tamaina handia ezin da aitzakia legez hartu. Aurten, Zapato Azularen 27. edizioa egin da, eta Udalak ezagutzen du, edo ezagutu beharko luke, horrelako egun batek eskatzen duen garbiketa dispositiboa. "27 edizioren ostean, inprobisazioa ezin da aitzaki izan", azpimarratu dute jeltzaleek.

EAJ-PNVk berariaz eskertu nahi du Udal langileek, bereziki brigadako eta garbiketa zerbitzuetako langileek, egindako lana. Azpimarratu dutenez, arazoa ez da haien lana izan, Udal Gobernuaren baliabide eta planifikazio falta baizik.

"Udal langileek euren lana egin dute eta gure aitortza merezi dute. Arazoa ez da haien lana izan, EH Bilduren gobernuak beharrezko baliabideak jartzeko aurreikuspen eta borondate falta baizik", adierazi du Aitor Basterretxeak, Ondarroako alkatetzarako EAJ-PNVko hautagaiak.

Horregatik, EAJ-PNVk eskatu du datozen edizioetan Udalak aparteko neurriak har ditzala, Udal brigada, garbiketa zerbitzuak, baliabide materialak eta Udaltzaingoaren presentzia indartuz, herriak hurrengo eguneko lehen orduetatik normaltasuna berreskuratu dezan.

Horrez gain, alderdi jeltzaleak Udal gobernuari eskatu dio ere argitu dezala zein zen txosnen inguruko garbiketaren inguruan hartutako akordioa. Udalak berak adierazi duen bezala, instalazioak desmuntatu ondoren lan hori elkarte edo taldeei bazegokien, Udal gobernuak azaldu behar du ea betebehar hori bete den ala ez. Hala izan ez bada, zer neurri hartu dituen ere azaldu beharko luke.

EAJ-PNVren ustez, jaiaren ondorengo egunetan Ondarroak eskaini zuen irudiak agerian uzten du EH Bilduren Udal gobernuaren aurreikuspen falta. Alderdi jeltzalearentzat ulertezina da herriak egun horietan izan zuen itxura. “Arazoa ez da jaia bera, kudeaketa baizik”, adierazi du Basterretxeak.

Horrez gain, EAJ-PNVk jaiei buruzko hausnarketa egitea proposatu du, antolatzaileekin elkarlanean. Herri osoaren ondarea den ospakizun honi zor zaion errespetutik abiatutako gogoeta. Alderdi jeltzalearen ustez, zaindu egin behar dira Zapato Azule berezi egiten duten elementuak: Dinamartxa, kamiseten azoka, pregoia, Uxus lehiaketa eta, noski, jaia.

Abagune honetan, EAJ-PNVk galdetu nahi du nola saihestu daitekeen jaien alde batek ospakizunaren izaera herrikoia lausotzea. “Gustatzen al zaigu jaiaren alde bat botiloi handi bat bihurtzea edo igogailuak arratsaldeko bostetan ixtea? Zergatik behartzen ditu jai honek adineko pertsonak edo mugikortasun urriko herritarrak etxean geratzera? Jaia eurentzat ere bada”, adierazi dute.

Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVren ustez beharrezkoa da hausnarketa partekatua egitea. “Zapato Azule Ondarroaren nortasunaren parte da. Horregatik, EAJ-PNVtik uste dugu Radixu Irratiarekin, inplikatutako eragileekin eta ondarrutar guztiekin batera eseri, entzun eta datozen urteetan jai honek izan behar duen bilakaerari buruz hausnartu behar dugula. Ez da jaia zalantzan jartzea; ondarrutar guztiek jaia eurena dela sentitzen jarrai dezatela baizik”, adierazi du Basterretxeak.

EAJ-PNVren ustez, Zapato Azulak hausnarketa kolektiboa eta Ondarroako ospakizun errotuenetako baten mailako Udal kudeaketa merezi ditu.

Interesatu Zaitez