Jeltzaleek salatu dute PSEren gobernuak oraindik ere kreditu-aldaketen bidez kudeatzen duela Udala, eta Udalaren aurrekontuak prestatu, izapidetu eta onartzeko egutegi bat eskatu dute.
14Uztailak Portugaleteko Udaleko EAJ-PNV udal taldeak joan den ekainaren 25ean egindako osoko bilkuran alkateari eskatu zion bere erantzukizuna gain har dezala eta, ahalik eta lasterren, Udalaren aurrekontu-proiektu berria aurkez dezala, eztabaidatu eta onartu ahal izateko.
Jeltzaleen ustez, Portugaletek ezin du kreditu-aldaketetan oinarritutako kudeaketarekin jarraitu, gobernu-taldeak oraindik ez baitu udalerriarentzako plangintza ekonomikorik aurkeztu.
Eskaria ekaineko ohiko osoko bilkuran egin zuten, 573.052 euroko kreditu-aldaketa baten harira. EAJ-PNVk azaldu zuen aldaketa horretan jasotako jarduketa gehienen edukiarekin bat datorrela, baina, aldi berean, “Udal Gobernua kontu publikoak kudeatzen ari den modua” kritikatu zuen.
Aldaketa horretan jasotako jarduketen artean daude EAJ-PNVk aspalditik eskatzen zituen hainbat esku-hartze; besteak beste, korrosio-arazoak dituen Simón Bolívar kaleko barandaren konponketa, Santurtzirako jaitsierako lorategien hobekuntza edo Udal liburutegiko hezetasun eta iragazketa-arazoak konpontzeko lanak, EAJ-PNVk 2025eko otsailean eta irailean salatutako egoerari erantzuteko.
Era berean, alderdiak babesa adierazi die San Roke eta Darío de Regoyos plazen naturalizazio-proiektuei, ikastetxeetan egingo diren inbertsioei eta herritarren segurtasunerako partidaren 20.000 euroko igoerari; azken hori, bere garaian EAJ-PNVk eta PSEk lortutako aurrekontu-akordioaren ondorio da.
Hala ere, EAJ-PNVko udal bozeramaile Gorka Kerejazuk deitoratu duenez, “esku-hartze horiek guztiak etengabeko kreditu-aldaketen bidez izapidetzen ari dira, behar bezala planifikatutako udal aurrekontuen parte izan beharrean”.
Gogorarazi duenez, martxotik ekainera bitartean gobernu-taldeak ia lau milioi euro bideratu ditu diruzaintzako gainerakinaren kontura kreditu-aldaketen bidez, eta oraindik ez dago aurrekontuak aurkezteko egutegirik.
Azken adibidea aste honetan bertan izan da. Izan ere, uztailaren 14rako ezohiko osoko bilkura deitu dute, eta bertan 2026an arrapaletan inbertitzeko aurreikusita zeuden 725.000 euroko kredituaren baliogabetzea proposatuko da. Horren ondorioz, aurten egitekoa zen inbertsioa 2027ra atzeratuko da; hau da, arrapaletarako aurreikusitako diru-partida kenduko dute.
725.000 euro horiekin, ordaindu gabe dauden 2025eko fakturak, 2025eko diru-laguntza izendunak eta 2026ko diru-laguntza izendunak ordainduko dira, baita 2025erako konprometitutako eta fakturatu gabeko kredituak ere.
Horrez gain, aurrekontu-estaldurarik gabeko edo ezarritako prozeduratik kanpo egindako gastuei dagokien 98.591 euroko kreditu-aitorpena ere jasotzen da. Zenbateko horren zatirik handiena arrapaletan egindako konponketa zuzentzaileei dagokie, Gobernu Taldea ez baita gai izan arrapaletarako aurreikusitako inbertsioaren lizitazioa martxan jartzeko.
Laburbilduz, Kerejazuren hitzetan, “gobernu talde honek inprobisazioa, aurreikuspen falta eta unean uneko erabakiekin jarduteko modua erakusten ditu. Azken batean, ez dira fidagarriak kudeaketan”.
“Sestao edo Barakaldo bezalako udalerriek dagoeneko onartu dituzte euren aurrekontuak; Portugaletek, aldiz, oraindik ez, PSEk gehiengo osoa izan arren. Egoera hori nekez justifika daiteke”.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk alkateari eskatu dio berehala aurkez dezala Udalaren aurrekontuak prestatzeko, izapidetzeko eta onartzeko egutegi bat. Jeltzaleen ustez, aurrekontu eguneratuak ezinbestekoak dira inbertsioak planifikatzeko, Udalaren kudeaketari egonkortasuna emateko eta herritarren beharrei eraginkortasunez erantzuteko.
“Udalaren aurrekontuak prestatzea eta onartzea udal gobernu ororen betebehar nagusietako bat da. Portugaletek plangintza, gardentasuna eta etorkizunari begirako bide-orri argia behar ditu aurrera egiten jarraitzeko”, ondorioztatu dute EAJ-PNVtik.