Zigor Kodea aldarazteko Lege Proposamena onestearekin batera, orientazio sexuala edo genero -identitatea aldatzeko praktikak administrazio-zehapenetik zigor-arlora igoko dira, eragindako pertsonen osotasun morala babesteko
25Ekainak Euskal Taldeak Zigor Kodea aldatzeko Lege Organikoaren proposamena babestu du gaur bilkura-aldi honetako azken osoko bilkuran, sexu-orientazioa, sexu-identitatea edo genero-adierazpena ezabatzeko edo ukatzeko konbertsio-terapiak zigortzeko. Aldaketa horrekin, praktika horiek administrazio-eremuan zehatu beharrean, Zigor Kodean tipifikatuko dira, artikulu berri baten bidez: 8 hilabetetik 24 hilabetera bitarteko isuna eta sei hilabetetik bi urtera bitarteko espetxealdia.
"Konbertsio-terapien oinarrian dago giza-duintasunarekin bateraezina den premisa bat: pertsona baten sexu-orientazioa edo genero-identitatea zuzendu beharreko desbideratzeak direla. Kaltea ez datza soilik halakoetan erabili ohi diren metodoetan, baizik eta transmititzen duten mezuan. Onartua izateko nor den aldatu behar duela esateak bere osotasun moralaren kalte sakona dakar", azaldu du Maribel Vaquero Euskal Taldearen bozeramaileak osoko bilkuran.
"Osotasun moralak pertsona babesten du, haren autoestimua eta duintasuna umiliatzen, hertsatzen edo larriki kaltetzen duten jardueren aurrean. Jurisprudentziak ulertu du eskubide horrek ez duela soilik gorputza babesten, ba eta pertsonaren eremu psikologikoa eta emozionala ere", gaineratu du gaur onartutakoak biktimek eta horiek ordezkatzen dituzten elkarteek eskatutakoari erantzuten diola esan aurretik.
Gainera, azaldu du ordenamendu juridikoak aspalditik onartzen duela adostasunak ez duela legitimatzen pertsonaren gaineko edozein jarduera, eta mugak daudela "oinarrizko eskubideak jokoan daudenean, bereziki kalteberatasuneko, mendekotasun emozionaleko, familia-presioko edo eragin erlijiosoko testuinguruetan". Helburua da "sexu-orientazioa, sexu-identitatea edo genero-adierazpena aldatzeko edo ukatzeko ekintzak, metodoak, programak, teknikak edo konbertsio-prozedurak zigortzea, psikologikoak, fisikoak, farmakologikoak edo beste edozein motatakoak izan, baldin eta pertsonaren osasun fisiko edo mentalari eragiten badiote edo haren osotasun moralari kalte larria eragiten badiote".
Vaquerok ildo beretik argi baino argiago utzi nahi izan duenez, "konbertsio-terapiak zigortzeak ez du esan nahi sexualitatearen ikuspegi ideologiko jakin bat inposatu behar denik", baizik eta "pertsona bakar bat ere ez dela bere identitatearen funtsezko zati bat baliogabetzera bideratutako prozeduren mende jarri behar".