EAJ-PNVk ohartarazi du Majori kiroldegiak okerrera egin duela, ordiziarrentzat kostua % 64 igo den bitartean

EAJ-PNVk salatu du kiroldegiaren kudeaketan eredu argirik eta gardentasunik ez dagoela, eta 2024ko eta 2025eko auditoriak egiteke daudela oraindik. Bien bitartean, udalaren ekarpena % 64 igo da hiru urtean, zerbitzuaren kostuen ebaluazio zehatzik egin gabe.

EAJ-PNVk ohartarazi du Majori kiroldegiak okerrera egin duela, ordiziarrentzat kostua % 64 igo den bitartean 24Ekainak
EkainaK 24 |
ORDIZIA

PARTEKATU

Ordiziako EAJ-PNV kezkatuta agertu da Majori kiroldegiak bizi duen egoerarekin, eta EH Bilduk egindako kudeaketa salatu du, instalazioen mantentzeak eta kudeaketa ereduak zerbitzuaren kalitatean eta erabiltzaileen segurtasunean eragin zuzena duten gabezia larriak dituztela iritzita.

Talde jeltzaleak adierazi du azpiegituren egungo egoera antolaketa ezaren, prozedura ezaren eta zerbitzuaren barruko erantzukizunen definizio eskasaren ondorioa dela. Adibide gisa, hainbat arazo nabarmentzen dira, hala nola egiturazko elementuen narriadura, ur beroaren hornidura falta, itoginak, klimatizazioko gabeziak, zerbitzuz kanpoko dutxak edo legionelaren prebentzioarekin lotutako araudia ez betetzea.

EAJ-PNVk gogorarazi du arazo horiek behin eta berriz salatu direla agintaldia hasi zenetik, eta uste dute orain arte hartutako neurriak ez direla nahikoak izan egoera iraultzeko.

Era berean, kalitatezko zerbitzuak ematera bideratutako kudeaketa-eredu zehatzik ez dagoela kritikatu dute jeltzaleek. Horri konplexuaren kudeaketaren gardentasun falta gehitzen zaio, gogoraraziz denbora daramatela 2024ko eta 2025eko ekitaldiei dagozkien auditoriak egiteko eskatzen, eta orain arte ez direla kontratatu.

Azpimarratu dutenez, egoera ekonomikoa ere kezkagarria da. Majoriren funtzionamendura bideratutako udal ekarpenak % 64 handitu dira hiru urtetan, 2023rako aurreikusitako 838.700 eurotik 2026rako aurreikusitako 1.175.000 eurora igarota, instalazioan garatzen diren jardueren kostuen ebaluazio zehatzik egin gabe.

“Majoriko kirol instalazioak funtsezko zerbitzua dira Ordiziarentzat, eta ezin dute baldintza horietan funtzionatzen jarraitu. Mantentze arazoak aspaldidanik pilatzen dira, eta Udal Gobernuaren berehalako erantzun irmoa behar da”, adierazi du Joseba Aranburuk, EAJ-PNVren Ordiziako bozeramaileak.

Aranburuk adierazi duenez, “kezkagarria da kudeaketa eredu argirik ez egotea, ezta konplexuaren egoera zehatz-mehatz ezagutzeko behar den gardentasuna ere. Urteak daramatzagu informazioa, auditoriak eta plangintza zorrotza eskatzen, zerbitzuaren kalitatea eta baliabide publikoen erabilera egokia bermatzeko”.

Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi du, halaber, PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemosekin batera, EAJ-PNVk lan mahai bat eratzea eskatu zuela 2025aren hasieran, Majorirekin lotutako arazoei elkarrekin heltzeko, eta eskaera horrek erantzunik gabe jarraitzen duela.

Azkenik, gogorarazi behar da 2026an EH Bildurekin lortutako akordioan Majori berritzeko bide orri bat zehaztu dela, 5 milioi eurotik gorako inbertsio globalarekin. Plan horrek 1.000.000 €biltzen ditu 2026an kanpoko igerilekurako, 200.000 €proiektu globala idazteko, eta faseka gauzatzeko, aldagelak eta barruko espazioak eraberritzeko, igerileku estali berri bat eraikitzeko (1,8 – 2 M €) eta, ondorengo fase batean, 25 metroko bigarren igerileku bat sartzeko (2,4 – 3 M €), kirol gunearen modernizazio integrala egiteko.

Interesatu Zaitez