EAJ-PNVk Astigarragako etxebizitza krisiaren aurrean geldotasuna leporatu dio Udal Gobernuari

EAJ-PNVk hiri-hazkunde ordenatua bultzatzea proposatzen du, etxebizitza berriak eraikiz, pisu eta lokal hutsak aktibatuz eta erabilera jakin batzuk malgutuz.

EAJ-PNVk Astigarragako etxebizitza krisiaren aurrean geldotasuna leporatu dio Udal Gobernuari 22Ekainak
EkainaK 22 |
Astigarraga

PARTEKATU

EAJ-PNV Astigarragak salatu du EH Bilduren Udal Gobernuak ez duela neurri eraginkorrik egun herritarrei eragiten dien arazo nagusietako bati aurre egiteko: etxebizitza eskuratzea. Alderdi jeltzaleak gogorarazi du Astigarraga eremu tentsionatu izendatu dutela, eta egoera honek eskuhartze irmoa, planifikatua eta emaitza zehatzak eskaintzen dituena ezinbestekoa dela.

Etxebideren datuen arabera, gaur egun 1.238 pertsonak eman dute izena Astigarragan etxebizitza bat eskatzeko. Horietatik 632k, etxebizitza erosi nahi dute, eta 606k alokairuan eskuratu nahi dute. EAJ-PNVren ustez, kopuru horiek arazoaren larritasuna islatzen dute eta udalerrian dagoen etxebizitza-eskaintza handitzea ahalbidetuko duten politikak sustatzeko beharra agerian uzten dute.

Alderdi jeltzaleak orain arte EH Bilduk hartutako neurriak ez direla nahikoak herritarren benetako beharrei erantzuteko salatu du. “Berez, Astigarraga tentsionatutako eremu izendatzeak ez du arazoa konpontzen. Gure herritarrek, gazteek, familiek eta bertakoek, ekimen zehatzak behar dituzte, etxebizitza eskaintza handitzeko eta aukerak sortzeko, hauek beraien bizi proiektua udalerrian garatu ahal izan dezaten”, diote.

EAJ-PNVk udalerriaren hazkunde ordenatua eta iraunkorra sustatzeko beharra defendatzen du, bizitegi-eremu berriak garatuz, etxebizitza eta lokal hutsak aktibatuz, erabilera-aldaketa jakin batzuk malgutuz eta dagoen eskariari egokitutako etxebizitza berriak sustatuz. Era berean, azken urteotan merkatuan dagoen presioa arintzeko etxebizitza sustapen publikorik ez dela bultzatu deitoratu du EAJ-PNVk.

Halaber, etxebizitza tasatua, Babes Ofizialeko Etxebizitza bat eskuratzeko baldintzetatik kanpo geratzen den, baina merkatu libreko prezioei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duen biztanleriaren zati handi bati erantzuteko funtsezko tresna izan litekeela aldarrikatzen du talde jeltzaleak.

Interesatu Zaitez