Andoaingo Udalak 24 milioi euro paralizatuta izatea ezin da arrakasta moduan saldu. Blokeatutako eta gauzatzeko gaitasunik ez duen gobernu baten sintomarik agerikoena da.
Jeltzaleek salatu dute exekutatzen ari ez den mailegu bat dugula; EH Bilduk ez baititu martxan jarri kiroldegiaren obra, Illarramendiko pabiloia eta liburutegi berria.
25Maiatzak Andoaingo EAJ-PNVk gaur EH Bilduren udal gobernuaren “kudeaketa ekonomikoaren porrota” salatu du, 2025eko aurrekontuaren likidazioa aztertu ondoren. Jeltzaleen esanetan, datu horiek “EH Bilduren kontakizun triunfalista deseraikitzen dute eta agerian uzten dute paralisia, inprobisazioa eta gobernatzeko gaitasun falta”.
“EH Bilduk urteak daramatza anuntzioetatik, argazkietatik eta titularretatik bizitzen. 2025eko likidazioak erakusten du herritar askok kalean dagoeneko sumatzen dutena: propaganda asko eta emaitza oso gutxi”.
EAJ-PNVren arabera, datuak benetan larriak dira. Udalak 2025 urtea 54,2 milioi euroko behin betiko aurrekontuarekin itxi zuen, baina 30,1 milioi euro baino ez zituen exekutatu; hau da, aurrekontuaren %55 soilik.
“EH Bilduk paperean udal erraldoi baten irudia saltzen du, baina gero ez da gai diru hori Andoaingo benetako hobekuntzetan bihurtzeko. Bere gaitasunen gainetik aurrekontuak egiten dituzte, bete ezin dituzten espektatibak sortzen dituzte eta udal kudeaketa propaganda ariketa iraunkor bihurtzen dute”.
Baina EAJ-PNVren ustez, inbertsioena da udal gobernuaren gaitasun falta gehien agerian uzten duen esparrua. Inbertsioetarako aurreikusitako 23,7 milioi euroetatik, EH Bilduk 3 milioi baino ez zituen gauzatu iaz; %12,6 eskasa. “Datu eskandalagarria da. Inbertsioetarako aurreikusitako hamar eurotik bederatzi gauzatu gabe geratu dira. Iragartzen dituzten proiektuak aurrera ateratzeko gai ez den udal gobernu baten froga argia da”.
EAJ-PNVk salatu du, halaber, Udalak aurreko ekitaldia erabili gabeko 24 milioi euroko kredituarekin itxi izana; horietatik 17 milioi euro maileguari dagozkio. “24 milioi euro paralizatuta izatea ez da arrakasta bat. Blokeatutako eta gauzatzeko gaitasunik ez duen gobernu baten sintomarik agerikoena baizik. Dirua geldirik edukitzea proiektu garrantzitsuak aurrera egiten ez duten bitartean arduragabekeria politikoa da”.
EAJ-PNVren iritziz, “bereziki esanguratsua” da EH Bilduk udal aurrekontua ia bikoiztu izana —hasierako 27,9 milioietatik 54 milioi euro baino gehiagora—, gero erdia pasatxo baino ez exekutatzeko. “Aurrekontuak puztea gero ez betetzeko, ez da gobernatzea. Kea saltzea da”. “EH Bilduk iragarkiak egiten badakiela erakutsi du. Oraindik ez digu erakutsi zorrotz kudeatzen ba ote dakien”.
Bien bitartean, EAJ-PNVk salatu du udalerriko hiru proiektu estrategiko nagusien geldialdia: “Gauzatzen ari ez den mailegu bat dugu, ixten ez diren proiektu tekniko batzuk eta obrak errealitate bihurtzeko gai ez den gobernu talde bat”. Legegintzaldi honetan Andoaingo arazo nagusiak konponduko zituztela ziotenak ez dira gai izan obrak hasteko ere. Erritmo honetan, ez kiroldegiak, ez Illarramendik, ezta liburutegi berriak ere ez dituzte lanak agintaldia amaitu aurretik hasiko. “Lau urte igaro izango dira lehen hondeamakina sartu gabe”.
“Andoainek udal gobernu serio, zorrotz eta eraginkorra merezi du. Propaganda politiko gutxiago eta lan gehiago merezi du. Gobernatzea ez baita promesak egitea. Gobernatzea betetzea da. Eta EH Bilduk berriro erakutsi du ez dela emandako hitza betetzen ari”.