EAJ-PNVk mozioa aurkeztu du Hondarribiko espazio publikoaren garbitasuna eta neutraltasuna bermatzeko

Hondarribiko Udalean EAJ-PNV udal taldeak mozio bat erregistratu du datorren osoko bilkuran eztabaidatzeko, herriko espazio publikoaren garbitasuna, errespetua eta neutraltasuna bermatzeko helburuarekin.

EAJ-PNVk mozioa aurkeztu du Hondarribiko espazio publikoaren garbitasuna eta neutraltasuna bermatzeko 25Maiatzak
MaiatzaK 25 |
HONDARRIBIA

PARTEKATU

Jeltzaleek gogorarazi dute espazio publikoa —kaleak, plazak, fatxadak eta hiri-altzariak—  herritar guztien ondare partekatua dela, eta haren zaintza ez dela soilik estetika kontua, baizik eta bizikidetza, errespetua eta bizi-kalitatearekin lotutako gaia.

Ildo horretan, EAJ-PNVk ohartarazi du gaur egun Hondarribiko hainbat gunetan egoera kezkagarria dela, pintadak, kartelak eta pankartak ugaritu direlako, eta kasu askotan denbora luzez kendu gabe mantentzen direlako. Egoera horrek, azaldu dutenez, herriaren irudia kaltetzen du eta eragin negatiboa sortzen du hiri-ingurunean.

Halaber, azpimarratu dute espazio publikoa herritar guztien ordezkaritza ez duten mezu politiko edo ideologikoen euskarri gisa erabiltzeak neutraltasun printzipioa urratzen duela, eta inposizio modu bat dela, bizikidetza demokratikoarekin bateraezina dena.

Aurkeztutako mozioak, besteak beste, honako hauek jasotzen ditu:

     • Espazio publikoa ondasun komun gisa garbi, zaindu eta politikoki neutro mantentzeko beharra berresten du.

     • Grafiti, kartel edo pankarten bidez egiten den espazio publikoaren erabilera desegokia salatzen du, baldin eta araudia ez bada errespetatzen.

     • Espazio publikoan agertzen diren mehatxu, irain edo gorroto-delituekin lotutako mezuak gaitzesten ditu.

Horrez gain, EAJ-PNVk nabarmendu du mozioaren ardatz nagusia indarrean dagoen udal ordenantza betearaztea dela, bizikidetza, garbitasuna eta espazio publikoaren erabilera arautzen dituena. Zentzu horretan, Udalari eskatzen dio neurri eraginkorragoak har ditzala:

     • Baimenik gabeko pintadak, kartelak eta pankartak kentzeko.

     • Espazio publikoaren garbitasuna eta hiri-paisaia zaintzeko.

     • Ordenantzan aurreikusitako zehapenak eta konponketa-neurriak aplikatzeko.

EAJ-PNVren ustez, arazoa ez da araudi falta, baizik eta dagoena betearazteko borondate politiko falta. “Ez bada egiten, ez da ezin delako, baizik eta ez delako nahi”, adierazi dute.

Horregatik, gobernu taldeari eskatu diote bere ardura bere gain har dezala eta irmotasunez jardun dezala herritar guztiena den espazio publikoa babesteko.

Interesatu Zaitez