EAJ-PNVk Gasteizen Ardanza eta Garaikoetxea lehendakariei eskainitako kaleak berreskuratzea proposatu du

Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko bozeramaileak proposamen hori helarazi dio Alkatetzari. Jose Angel Cuerdaren agintaldian, bi lehendakari horien izena hartu zuten hiriko bi kalek

EAJ-PNVk Gasteizen Ardanza eta Garaikoetxea lehendakariei eskainitako kaleak berreskuratzea proposatu du 19Maiatzak
MaiatzaK 19 |
GASTEIZ

PARTEKATU

Vitoria-Gasteizko Udaleko EAJ-PNV taldeko bozeramaile Beatriz Artolazabalek proposamena helarazi dio Maider Etxebarria alkateari, hiriak Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxea lehendakariei eskainitako kaleak berreskura ditzan, haien ibilbidea eta Euskadiri egindako ekarpen politiko eta historikoa aintzatesteko.

Ekimena, gainera, Garaikoetxea hil berritan iritsi da. Hain zuzen ere, Garaikoetxea demokraziaren garaiko lehen lehendakaria izan zen, eta hainbat erakundek eta ordezkari politikok egindako lana aitortu dute egunotan.

EAJ-PNVk gogoratu duenez, gainera, bi lehendakariek 1999tik izan zituzten kaleak Gasteizen, Jose Angel Cuerdaren agintaldian, baina gerora, udal-gobernuan egindako aldaketaren ostean, PPk erabaki hura ezeztatu zuen.

“Gure ustez, Gasteizek gaur egun aukera du aitortza instituzional hura berreskuratzeko eta, gainera, Euskadiren historia hurbilean ezinbestekoak izan ziren bi gizon haiekiko errespetutik eta adostasunetik egiteko”, defendatu du Artolazabalek Radio Vitorian egin duten elkarrizketan.

Zentzu horretan, udal-taldeak uste du koherentea dela Euskadiko hiriburuak Ardanza eta Garaikoetxea ere aitortzea, hirian Jose Antonio Agirre eta Jesus Maria Leizaola lehendakarien izena duten kaleak dauden bezalaxe.

“Funtsezko bi figura izan ziren Euskadiko autogobernuaren eraikuntzan, gure erakundeak sendotzeko prozesuan eta Euskadirentzat erabakigarria izan zen etapa hartan. Bene-benetan uste dugu merezi dutela espazio iraunkorra izatea hiriburuko kale-izendegian, adierazi du EAJ-PNVko bozeramaileak.

Udal-taldeak espero du proposamen hori Euskadiren historia demokratikoaren eta autogobernuaren parte diren bi lehendakariren aitortzak berezi duen moduko maila politikoarekin landu ahal izango dela. “Ez gara orain kale edo leku zehatzez hitz egiten ari, hori Alkatetzari dagokiolako. Baina uste dugu Jose Antonio Ardanza eta Carlos Garaikoetxeak aitortza instituzional ikusgarri eta duina merezi dutela, Euskadiren historian eta autogobernuaren eraikuntzan izan zuten garrantziagatik”, amaitu du.

 

Interesatu Zaitez