Aitor Esteban: “Estatuko gobernuak, kolore batekoak zein bestekoak, lotsaz gorrituta egon beharko lirateke Estatutua bezalako Lege Organiko bat ez betetzeagatik”

RNEn eman duen elkarrizketan, jeltzaleen buruak argi esan du eskuduntzen transferentziak ezin direla “lagapentzat” edo “emakidatzat” hartu edo kalifikatu. Extremadurako gobernagarritasun akordioari dagokionez esan du alde batetik “aurreikusteko modukoa” zela eta, bestetik, “kezkagarria” ere bai “eskuin muturraren gorakada” dakarrelako. PSOEri ere begiratu dio Estebanek: “Hurrengo hauteskundeei begira, ondo datorkio, baina `zuriaren eta beltzaren arteko lehia hori´ hutsegite bat da, gizartean behar ez den tentsioa eragiten du”

Aitor Esteban: “Estatuko gobernuak, kolore batekoak zein bestekoak, lotsaz gorrituta egon beharko lirateke Estatutua bezalako Lege Organiko bat ez betetzeagatik” 17Apirilak
ApirilaK 17 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Ez dut lagapen hitza atsegin. Eskuduntzei buruz hitz egitean, esate baterako, lagapen hitza aipatzea. Nola lagapena? Lege Organikoa da, Gorte Orokorrek onartutakoa. Herritarrek berretsia izan zen eta 40-45 urteren buruan, oraindik bete gabe jarraitzen du. Hori ete da lagapena? Emakida ere ez (…). Kontua da legea betetzea, eta Estatuko gobernua lotsaz gorrituta egon beharko litzateke, eta berdin dit zein koloretakoa den, asko egon direlako. Lotsaz gorrituta egon beharko lirateke denak Lege Organiko bat oraindik osorik bete gabe edukitzeagatik”. Sendotasun horrekin hitz egin du gaur Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek RNE irratian egin dioten elkarrizketan eta Euskal Autonomia Erkidegoari transferitzeke geratzen diren eskuduntzen inguruko negoziaketez galdetu diotenean.

Ildo beretik, Estebanek baieztatu duenez “akordio politikoak ezin dira inola ere lagapentzat hartu”, eta EAJ-PNVren eskubide eta legitimitatea defendatu ditu akordio hauek adosteko eta eramateko. “Baina ematen du gaia autonomiakoa denean, lagapena dela. Zer esan nahi da horrekin, gainerakoak sateliteak garela eta ez dugula inor ordezkatzen? Politika egiten ez dugula?”, galdetu du.

Beste alde batetik, jeltzaleen buruak bere aldetik baloratu du PP eta Vox alderdiek Estremaduran gobernatzeko izenpetu duten akordioa. “Aurreikusteko modukoa” zela esan du. “Argi zegoen egingo zutela, eta uste dut Estatu mailan aukera badute, berriz egingo dutela, ez daukat inolako zalantzarik”, esan du. Ildo beretik “kezkagarri” jo du “eskuin muturraren gorakada” eta PSOEri begiratu nahi izan dio: “PSOEri ondo datorkio hurrengo hauteskunde orokorretan `haien eta PSOEren arteko´ aukeraketa planteatzeko, dena `zuria edo beltza´ izango balitz bezala. Baina hori hutsegite bat da eta gizartean behar ez den tentsioa eragiten du”.

Interesatu Zaitez