Zentral Elektrikoa, Bulego Orokorrak eta Jantoki eta Botikinaren pabiloia berroneratzea aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi dute, funtsezkoa ingurunea suspertzeko eta Sestaon aukera berriak sortzeko.
14Apirilak Sestaoko EAJ-PNVk positibotzat jo du La Naval eremuan kokatutako eraikin historikoak berroneratzeko hiru lizentzia berrien ematea, Sestaoko gune esanguratsuenetako baten berreskurapenean beste urrats sendo bat suposatzen duelako. Jarduketek Zentral Elektrikoa, Bulego Orokorrak eta Jantoki eta Botikinaren pabiloia hartzen dituzte, tokiko ondare industrialaren funtsezko elementuak direnak.
Jeltzaleen esanetan, aurrerapauso honek “argi erakusten du La Naval etenik gabe aurrera egiten ari dela bere suspertze-prozesuan”, eta bereziki azpimarratu dute babestutako eraikinetan esku hartzearen garrantzia, Sestaoren memoria kolektiboaren parte direlako. Ildo horretan, EAJ-PNVk nabarmendu du beharrezkoa dela ondarearen babesa eta jarduera ekonomiko berrien sorrera uztartzea.
“La Naval ez da soilik iraganeko oroitzapena izan behar; etorkizunerako benetako aukera ere izan behar du Sestaorentzat. Aurrerapauso bakoitzak ikuspegi orokor, antolatu eta anbiziotsu bati erantzun behar dio”, adierazi dute EAJ-PNVren uri erakundetik.
EAJ-PNVk gogorarazi du eremu honetarako duen apustua garapen orekatuan oinarritzen dela, jarduera produktiboa, berrikuntza eta hiri-berroneratzea uztartuz, tokiko ehun ekonomikoa indartu eta Sestao Bizkaiko industria eta logistika mapa berrian kokatzeko helburuarekin. Halaber, inbertsioa eta jarduera erakartzen jarraitzearen garrantzia azpimarratu dute, betiere eremuaren balio historiko eta kulturalak errespetatuz.
Aurkeztutako erabilerei dagokienez, EAJ-PNVk positibotzat jo du espazioen zati bat jarduera tertziariora eta enpresa-erabileretara bideratzea, eta aldi berean azpimarratu du beharrezkoa dela oraindik zehaztu gabeko eraikinen kokapena proiektu orokor koherente baten barruan definitzea.
“Gakoa norabide argia izatea da: La Naval irizpidez suspertzea, aukerak sortuz eta gure izaera industriala galdu gabe. Hori izan da beti EAJ-PNVren ibilbidea, eta hala izaten jarraituko du”, gogoratu dute.
Sestaoko EAJ-PNVk, horrenbestez, berriro berretsi du politika erabilgarriaren aldeko konpromisoa, plangintzan, lankidetzan eta erantzunkizunean oinarrituta, La Naval etorkizuneko garapen ekonomiko, kohesio sozial eta harrotasun kolektiboaren motor bihurtzeko.