Arrigorriagako EAJ-PNVk 17 proiektu aurkeztu ditu metatutako 6,8 milioiak inbertitzeko

Alderdi jeltzaleak proposamen zehatzak helarazi ditu auzoak, ekipamenduak eta herriko jarduera ekonomikoa hobetzeko; eta elkarrizketaren alde egin du.

Arrigorriagako EAJ-PNVk 17 proiektu aurkeztu ditu metatutako 6,8 milioiak inbertitzeko 10Apirilak
ApirilaK 10 |
Berria

PARTEKATU

Arrigorriagako EAJ-PNVk 6,8 milioi euroko soberakinari irteera emateko proposamenak aurkeztu ditu.

Zentzu horretan, alderditik azpimarratu nahi izan dute gerakina urtetik urtera handitzen ari dela. “Nahiz eta 2024an 6 milioi baino gehiagoz hitz egin, joan den 2025ean 6,7 milioi izan ziren, eta 2026an, 6,8 milioi. Hau ez da kasualitatea,  joera bat baizik”, baieztatzen dute.

Osoko bilkuran, EAJ-PNVk hainbat ekimen aurkeztu zituen, auzotarren, elkarteen eta tokiko merkataritzaren artean jasotako beharrizanetatik abiatuta landutakoak; proposamen horiek elkarrizketaren bidez aztertu eta garatzeko prest agertuz.

17 proiektu gelditasunaren aurrean

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk 17 proiektu zehatz aurkeztu ditu, 2 milioi euroko balioarekin, auzoak, ekipamenduak, jarduera ekonomikoa eta espazio publikoa hobetzeko helburuarekin.

“Proposamen horiek bizilagunek, merkatariek eta udalerriko elkarteek zuzenean helarazitako beharrei erantzuten diete”, azpimarratu dute.

Auzoak eta ekipamenduak hobetzeko, alderdi jeltzaleak proposatu du etxebizitzetan igogailuak instalatzeko laguntza osagarrien udal-programa bat aktibatzea, bereziki igogailurik gabeko eraikin gehien biltzen dituzten auzoetan (Lanbarketa, Kubo eta Ollargan).

Halaber, soberakinaren zati bat Bazurbia baserria birgaitzeko erabiltzearen aldeko apustua egin dute, gazteentzako gune kultural eta sozial bihurtzeko asmoarekin; baita Abusuko zentro soziokulturaleko instalazioak eta altzariak berritzeko lanen aurrekontua handitzea; Abusuko herrigunean dagoen futbito-saskibaloi zelaia konpontzea; Hiriguneko Tailer Etxea egokitzea, eta Pedro Muro  Salud e Hiegiene auzoarekin lotzeko irisgarritasun azterketa bat egitea ere, gune horretako bizilagunen mugikortasuna hobetzeko. Era berean, Europako funtsak biltzeko bulego tekniko bat sortzeko proposamena luzatu dute, “Udalaren baliabideak biderkatzeko eta proiektu handiagoei aurre egin ahal izateko, etorkizuneko kiroldegia adibidez”, zehaztu dute.

Herriko jarduera ekonomikoari bultzada emateko, EAJ-PNVk argi du zer egin: Arrigobonoen programa indartu, “Lokal biziak” programari atxikitzea udalerrian negozio berriak irekitzen laguntzeko, eta tokiko merkataritzan abian jarritako digitalizazio proiektuak bultzatzea.  Era berean, eta saltokietara iristea errazteko helburarekin, erdigunean txandakako aparkaleku bat sortzea proposatu dute, inguruko udalerri askok duten bezala, eta beste disuasio-aparkaleku bat Aixarten egungo egoerari erantzun bat emateko.

Azkenik, espazio publikoari eta hiri-segurtasunari dagokienez, alderdi jeltzaleak proposatzen du TAO arautzeko sistema bat ezartzea Abusu auzoan, aparkalekuaren arazoari benetako irtenbide bat emateko eta ez gauez bakarrik, hirigunean txandakako aparkalekuak sortzea, hiri-altzariak, zoladura eta seinaleztapena hobetzea, udalerriko hainbat puntutan argiztapena indartzea segurtasun neurri gisa, bi azterlan egitea Ollargan eta Abusu eta Kubo auzoa zentroarekin lotuko dituzten bi pasabide estali sortzeko, eta bidegorria komun publikoez hornitzea, zehazki Lonbo eta Kirola eremuetan.

Akordiorako prestutasuna

EAJ-PNVk osoko bilkurako eztabaidaren tonu konstruktiboa azpimarratu du eta proposamen hauek aurrera egin ahal izateko elkarrizketatik lan egiten jarraitzeko borondatea agertu du.

“Laburbilduz, irisgarritasuna hobetzea, ondarea berreskuratzea, auzoetan inbertitzea, tokiko merkataritza indartzea eta benetako arazoetan jardutea, hala nola aparkalekuan edo segurtasunean, gure proposamenen helburua dira. Ez dugu burutaziorik proposatzen, jarduera zehatzak, errealistak eta beharrezkoak proposatzen ditugu, gure bizilagunek hala eskatu digutelako”, adierazi dute.

Interesatu Zaitez