Erandioko alderdi politikoak Eusko Jaurlaritzarekin batzartuko dira udalerriko aire-kalitateari buruzko informazioa aztertzeko

Erandioko Udalak bultzatutako ekimenari erantzunez, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailburuordetzak CSICen txostenaren datuak aztertu eta azalduko dizkie udalerriko ordezkari politikoei.

Erandioko alderdi politikoak Eusko Jaurlaritzarekin batzartuko dira udalerriko aire-kalitateari buruzko informazioa aztertzeko 09Apirilak
ApirilaK 09 |
ERANDIO

PARTEKATU

 Erandioko udalbatzan ordezkaritza daukaten alderdi politiko guztiekin (EAJ-PNV, EH Bildu, PSE-EEk, PP eta Elkarrekin-Podemos) elkartuko da Eusko Jaurlaritza apirilaren 22an, udalerriko airearen kalitateari buruzko CSICen azken txostenaren emaitzak azaltzeko. Bilera Erandioko Udalak eskatuta egingo da, herritarrei informazio argia eta fidagarria eskaintzeko helburuarekin.

Batzarrean, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak emango ditu txostenaren inguruko azalpenak. Oso datu tekniko eta zientifikoak ditu azterlanak eta informazioa modu ulergarrian jasotzea ezinbestekotzat jo dute udalbatzako alderdi politikoek, EAJ-PNVk aurkeztutako mozioari erantzunez.

Erandioko Udalak bidali zuen txostena Eusko Jaurlaritzara, bertako teknikariek behar bezala aztertu zezaten eta, gerora, herritarrei modu egokian azaldu ahal izateko. Bilera egitea aho batez onartu zuten, Osoko Bilkuran, EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PSE-EEk. PP eta Elkarrekin-Podemos ez ziren Bilkura horretan egon.

Erandioko EAJ-PNVk adierazi duen moduan, “gardentasuna eta informazio zorrotza ezinbestekoak dira herritarren konfiantza bermatzeko, bereziki osasunarekin lotutako gaietan. Horregatik, positibotzat jotzen dugu Eusko Jaurlaritzak azalpenak lehen eskutik ematea”.

Halaber, jeltzaleek azpimarratu dute bilera alderdi politiko guztiei irekia dela, sor daitezkeen zalantzak argitzeko aukera izan dezaten. Bere aldetik, Erandioko Udala prest agertu da beharrezko laguntza emateko, herritarren osasuna “lehentasun nagusia” baita erakundearentzat eta administrazioen arteko elkarlana “funtsezkoa” delako.

EAJ-PNVk herritarrengandik hurbil dagoen politika praktikoaren aldeko konpromisoa berretsi du horrela, erakundeen arteko lankidetza eta gardentasuna oinarri hartuta, Erandioko herritarren ongizatea eta bizi-kalitatea lehenesteko helburuarekin.

Interesatu Zaitez