Aitor Esteban: "Interes orokorrak eskatzen du estatuko hauteskundeak aurten egitea"

EBBren EAJ-PNVko presidenteak berriz ere “erantzukizuna” eskatu dio Pedro Sánchezi eta zentsura mozioa baztertu du: “Ez dugu kontenplatzen”

Aitor Esteban: 28Maiatzak
MaiatzaK 28 |
EBB

PARTEKATU

“EAJrentzat, interes orokorrak eskatzen du hauteskundeak aurten egitea. Egungo egoeran, Aurrekonturik gabe, legegintzaldia erabat blokeatuta, giro politikoa gero eta judizializatuta, atzo gertatu zenarekin, egokiena da Ganberak desegitea”. Horiek izan dira Aitor Esteban EAJ-PNVren EBBko presidentearen adierazpenak, bere hitzetan Estatuko “egoeraren azterketa objektibo, orokor eta hotza” egin ondoren.

Igandean EAJ-PNVk Durangon egin zuen ekitaldian esandakoaren ildo beretik, jeltzaleen buruak fokua jarri du “Espainiako Gobernuko presidentearengan”, bera delako “erakundeen gobernagarritasun egokia bermatu behar duena”. “Ostrukarena egitea, ezer gertatuko ez balitz bezala, ez dirudi onena dela”, esan du. Areago, Estebanek jarraitu duenez “inguruabarrak ez dira aldatuko" uda heltzearekin eta udako sasoian egongo diren gauzekin.

“Sánchezek bere buruari galdetu behar dio ez ote den interes partikular edo partidistarekin ari”, esan du Espainiako presidenteak atzo Erroman esan zituenak gogoan. “Ez da nahikoa Konstituzioak jasotzen duela legegintzaldiak lau urte irauten dituela; 115 artikuluan ere esaten baitu presidenteak Ganberak desegiteko ahalmena duela eta, gainera, ez litzateke lehen aldia izango”, gaineratu du.

Edozein kasutan, presidente jeltzaleak zentsura mozioa aurkeztea baztertu du. “Hori ez dago EAJren mahai gainean, ez dugu kontenplatzen. Arduraz jokatu behar da, eta batez ere Sánchezek egin behar du, eta hori ez dugu guk bakarrik esaten. Ahots gehiago ere egon badaude”, esan du. Azken finean, Estebanek analisi hau eta urte bukaera baino lehenago hauteskundeak deitzeko eskari hau kokatu du “egun gertatzen ari denaren argazki errealista baten testuinguruan”.

Interesatu Zaitez