EAJ-PNVk Lidl husteko eskatu du eta gogor kritikatu du EH Bilduk eta Azkoitia Baik bide judizialari hasiera ematea galaraztea

Azkoitiko EAJ-PNVk Ana Azkoitia alkatea defendatu du eta Lidl husteko eskatu dio AGAri. EH Bilduk eta Azkoitia Baik bide judizialari hasiera ematearen aurka bozkatu dute

EAJ-PNVk Lidl husteko eskatu du eta gogor kritikatu du EH Bilduk eta Azkoitia Baik bide judizialari hasiera ematea galaraztea 31Martxoak
MartxoaK 31 |
Azkoitia

PARTEKATU

Sare sozialetan Azkoitiko Gazte Asanblada bezala identifikatu den gazte taldeak lehen Lid’l zegoen pabiloia okupatu izanaren aurrean, Azkoitiko EAJ-PNV Ana Azkoitia alkatearekin bat egin du, eta eraikina husteko eskatu du. Era berean, oso kritiko agertu da EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrerarekin.

Gaur goizean, Azkoitia Lantzen-eko Administrazio Kontseilua bildu da, non EH Bilduk eta Azkoitia Baik gehiengoa duten.  Bi alderdiek epaitegian eraikinaren huste-agindu eskaera egitearen aurka bozkatu dute. Prozedura hori gauzatzea ezinbestekoa da judizialki kaleratze baimena izateko. Gogoratu behar da eraikinaren jabetza Azkoitia Lantzenena eta Etorlurrena dela, hurrenez hurren, Udalaren eta Foru Aldundiaren sozietate publikoenak, hain zuzen.

EAJ-PNVren iritziz, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrera "izan daitekeen erosoena eta errazena da, baina arduragabea da. Elkarrizketa proposatzen dute baina ez dute ezer esaten legearen eta elkarbizitzaren kontrako okupazio baten aurrean. Norberarena ez dena okupatuz hasten den bidea ez delako inoiz irtenbide bat bilatzeko bide egokia. Gobernuan ez daudenez, badirudi ordea, edozerk balio duela  EH Bildu eta Azkoitia Bairentzat. Ondorioz, arduraz jokatzeko eskatzen diegu. Eraikin publiko bat okupatu dute, eta hori onartezina da”. Azkoitin eta edozein lekutan.

"Argi dago Lid 'l-en eraikin zaharra ez dago jendea hartzeko prestatuta. Zerbait gertatzen bada, norena da erantzukizuna?”.  Erantzukizunez jokatzea eraikina uztea da eta borondatez ez bada egin nahi judizialki egin behar da. Horregatik ez dugu ulertzen EH Bilduren eta Azkoitia Bairen jarrera. Ez hori bakarrik, gainera Intsaustiko eremuan "etxebizitzak eraikitzea aurreikusten da, etxeak ere behar-beharrezkoak direlako herrian, eta okupazio hau zuzenean asmo honen kontra doa”.

Halaber, EAJ-PNVk gaineratzen du “Gaztetxea irekitzea aztertu behar bada, Azkoitiko gazteekin hitz egin beharko genuke, eta ez bakarrik Azkoitiko Gazte Asanbladarekin, edo AGAk herriko gazte guztiak ordezkatzen ditu?”. Zentzu honetan, Urola erdiko GKSek argi utzi berri du zein den AGAren asmoa, “Gazte langileon antolakuntza politikoa sustatzea…Izan ere, Gaztetxeak ekimen sozial nahiz kulturalak burutzeko espazioak izateaz gain, espazio politikoak dira batez ere”. Beraz, ez da gazteentzako kultur espazio anitz bat, GKSek sustatzen duen politika egiteko espazio bat baizik. Hori ondo dakite Azkoitiko Matadeixen eta guk ondo dakigu ez dela Azkoitiko gazte guztiei zuzendutako proiektua.

Ondorioz, EAJ/PNV legez kanpoko okupazio ororen aurka egonaz, testuinguru demokratiko batean, lekurik ez duen hertsapen eta inposaketa bidea delako, ez dator bat mugimendu politiko baten mesederako den espazio publiko bat okupatzearekin eta, ondorioz,  berehalakoan uztea eskatzen dio AGAri.

Interesatu Zaitez