Errenteria, Pasaia, Lezo eta Hondarribiko ordezkari jeltzaleek azpimarratu dute Foru Aldundiak sustatutako aldaketak, azkenean, azpiegitura handi horiek lurraldean, ekonomian eta gizartean duten eragina aitortzen duela
30Martxoak EAJ-PNVren Errenteriako, Pasaiako eta Lezoko udal taldeetako bozeramaileek Elixabete Murua, Laura Martínez eta Loreto Osa, eta Hondarribiko bozeramaile jeltzale Gonzalo Carrionek oso balorazio positiboa egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ogasun eta Finantza Batzordean Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Aguirrek aurkeztu duen Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) erreformari buruz.
EAJ-PNVko udal ordezkariek azpimarratu dute arau-aldaketa horrek Pasaiako Portuaren eta Hondarribiko aireportuaren inguruko udalak konpentsatuko dituela. Haien ustez, neurri hori aurrerapauso garrantzitsua da justizia fiskalaren arloan; izan ere, azpiegitura horiek hartzen dituzten udalerriek jasaten duten errealitatearekin bat datorren zerga-konpentsazioa jasotzea ahalbidetuko du.
Erreformak Ezaugarri Bereziko Ondasun Higiezinen (EBOH) figura txertatzen du, eta horrek aukera emango du Pasaiako Portua eta Hondarribiko Donostiako Aireportua kategoria horren barruan sailkatzeko. Horrela, udalek azpiegitura horietatik eratorritako zerga-sarrera osagarriak jaso ahal izango dituzte, eta horren bidez, tokiko finantzaketa indartu egingo da, herritarren onurarako.
EAJ-PNVren iritziz, neurri honek aurrerapauso esanguratsua dakar azpiegitura estrategiko horiek sortzen duten lurralde-, ekonomia- eta gizarte-pisuaren aitortza instituzionalean. “Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarrera eskertzen dugun arren, pena ematen digu EH Bilduko alkateek talde guztien aldarrikapen historiko batez eta Aldundiak egindako lanaz eta apustuaz jabetu nahi izana. Nolanahi ere, garrantzitsuena da gure udalerriek jaso ahal izango duten konpentsazioa, eta horretarako beharrezkoa izango da udal gobernuak prest egotea neurria 2027ko Zerga Ordenantzetan txertatu behar denean”, adierazi dute.
Ogasun eta Finantzetako foru diputatu Itziar Agirrek OHZren Foru Arauaren proiektua aurkeztu du, zerga horren araudia eguneratzen duen erreforma baten bidez. Berritasun nagusien artean, hain zuzen ere, EBOHen figura txertatzea dago; Gipuzkoako Foru Aldundiak legegintzaldi honetarako (2025eko maiatzean hasitakoa) egin duen arau-proposamenean jasotako aldaketa da, eta horren bidez bete egiten da azpiegitura berezi horien tratamendu fiskala berrikusteko hartutako konpromisoa.
Arauaren onarpena ekainaren amaieran egitea aurreikusten da, eta, horrenbestez, 2027an sar liteke indarrean. Hala ere, neurri honek udal-ogasunetan benetako eragina izan dezan, beharrezkoa izango da udalek beren Zerga Ordenantzak egokitzea eta zerga-esparru berri hori ekitaldi horretarako txertatzea.
Aurkeztutako erreforma, azken batean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren konpromiso bete bat da, eta aurrerapauso garrantzitsua ekitate fiskal handiago baterantz; izan ere, modu esplizituan aitortzen du azpiegitura handiek lurraldearen garapen ekonomiko eta sozialean betetzen duten eginkizuna, bai eta haiek hartzen dituzten udalerrietan sortzen duten eragina ere.