María Serranoren hautagaitza herritarren gertutasuna eta konfiantza berreskuratzeko asmoz sortu da, elkarrizketa eta entzutea indartuz, eta arreta egunerokoan eta Hondarribiko beharretan jarriz.
25Martxoak EAJ-PNVren Hondarribiko Batzarrak erabaki du María Serrano Olascoaga 2027ko udal hauteskundeetarako alkategai izatea, horrela alderdi jeltzalearentzat etapa berri bati hasiera emanez.
Erabaki honekin, EAJ-PNVk berrikuntza eta esperientzia uztartzen dituen profilaren alde egin du, gertutasunean, prestakuntzan eta bai Udalaren funtzionamenduaren zein Hondarribiko errealitatearen ezagutza sakonean oinarritutako lidergoa ordezkatzen duena.
María Serrano (41 urte), hondarribiarra, izango da gainera EAJ-PNVren alkategai izateko hautatua izan den lehen emakumea. Deustuko Unibertsitatean Humanitateak- Komunikazioa ikasia, 20 urte baino gehiagoko ibilbidea du komunikazioaren arloan, eta udal kudeaketan ere esperientzia du, Hondarribiko Udalean hiru legealditan zinegotzi izan ondoren.
Etapa berri bat
Hautagaitza honekin, EAJ-PNVk Hondarribiaren etorkizunari begiratzen dio, ondo funtzionatzen duen hori zaintzeko eta herritarren egunerokoan kezka sortzen duten gaiak hobetzeko borondatearekin.
María Serranoren hautagaitza herritarren gertutasuna eta konfiantza berreskuratzeko asmoz sortu da, elkarrizketa eta entzutea indartuz. Egunerokoa eta herritarren benetako beharrak izango ditu ardatz.
Lan-ildo nagusien artean honako hauek nabarmentzen dira:
• Egunerokoaren hobekuntza, herri zainduago baten alde eginez.
• Elkarrizketa eta elkarlaneko espazioak berreskuratzea.
• Herritarren eguneroko arazoei entzun eta erantzutea.
• Etorkizuneko erronkei seriotasunez eta arduraz heltzea, bereziki etxebizitzaren arloan, ikuspegi errealista eta epe luzekoarekin.
María Serranok adierazi du etapa berri honi “ilusioz, baina baita erantzukizun handiz ere” heltzen diola, eta honakoa azpimarratu du: “Hondarribia bizi-kalitate handiko herria da, eta horrela baloratzen dute herritarrek. Zaindu eta hobetzen jarraitu behar dugu denon artean. Orain, garrantzitsuena den horretan zentratzeko unea da: herritarren egunerokoan, eta etorkizuneko erronkei seriotasunez heltzea”.
Era berean, politikaz duen ikuspegia nabarmendu du: “Ez nator irtenbide errazekin edo titular handiekin. Lan egitera nator, entzutera eta eraikitzera. Adostasunak bilatzera eta zubiak eraikitzera, Hondarribia hobe bat denon artean egiteko”.
Berrikuntza esperientziarekin
EAJ-PNVk nabarmendu du María Serranoren hautagaitzak belaunaldi berri baten ordezkaritza egiten duela, kudeaketa-esperientzia eta ezagutza instituzionala uztartzen dituena, une garrantzitsu honetan Hondarribia gidatzeko gaitasuna duena.
“Ilusioa eta gaitasuna, berrikuntza eta esperientzia uztartzen dituen hautagaitza da, Hondarribiarekin eta bertako herritarrekin konpromiso argia duena”.
EAJ-PNVk, hautagaitza honekin, bere konpromisoa berresten du Hondarribiarekin eta herritarrengandik hurbil dagoen, elkarrizketan eta benetako beharrei erantzutean oinarritutako politika egiteko moduarekin.