EAJ-PNVk, udal gobernuaren jarrera itxiaren aurrean, Novedades eraikin berriko garajeen sarbiderako alternatiba aurkeztu du

EAJ PNVko udal zinegotziek agerraldia eskaini dute eta bertan, Novedades eraikinaren garajeen sarbidea egiteko alternatiba aurkeztu dute, besteak beste. Jeltzaleek gaineratu dute, EH BILDUk ostegunean bideratuko duen parte-hartze prozesuak ez duela ezertarako balio; izan ere, EH BILDUren udal gobernuak erabakia hartu du, herritarrek lorontzien kolorea eta semaforoa bai edo ez ipintzeko aukera izango dute, besterik ez.

EAJ-PNVk, udal gobernuaren jarrera itxiaren aurrean, Novedades eraikin berriko garajeen sarbiderako alternatiba aurkeztu du 11Martxoak
MartxoaK 11 |
Bergara

PARTEKATU

Iazko udan EH BILDUren udal gobernuak eraikinaren eraiste lanak abiatzeko hitzarmena tramitatu zuen eta une hartan jakinarazi zen eraikin berriko garajeetarako sarbidea Ikerleku kantoitik egingo zela. EAJ PNVko udal taldeak hasieratik bertatik adierazi zuen bere desadostasuna aukera horrekin. Gaur egun Ikerleku kantoia funtsean oinezkoen erabilerakoa da; ibilgailuen sarbidea oso mugatua da, eta erabilera aldatzeak oinezkoen segurtasunaren aurka egingo luke. Mikel Lete, Udal bozeramailea

Horregatik, jeltzaleek udal gobernuari behin eta berriz eskatu diete garajeetako sarbiderako aukera desberdinak aztertzeko. Udalak baditu beharrezko baliabide tekniko, pertsonal eta juridikoak alternatiben azterketa egiteko, baina orain arte aurkeztutako azterketek ez dute gure ustez behar besteko objektibotasunik erakutsi, eta ez dituzte alternatiba bakoitzaren alde onak eta txarrak behar bezala baloratu.

Egunak pasatu ahala, erabakia aldatzea geroz eta zailagoa izango da, horregatik guztiagatik, EAJ PNVK bere alternatiba egingarria eta bete beharreko irizpideak aurkeztu dizkio Alkateari:

       • Ikerleku kantoia, gaur egun funtsean oinezkoa dena, ez oztopatzea ibilgailuekin, oinezkoen segurtasuna lehentasunez babestuz.

       • Herriko oinezko loturak ez oztopatzea; izan ere, Ikerleku kantoia askok erabiltzen dute alde zaharrera, azoka txikira, Mizpirualde zahar egoitzara, UNEDera, epaitegira edo San Pedro elizara joateko, besteak beste.

       • Alde Zaharreko Plan Bereziak ezartzen duen bezala, garajeetarako sarbidea Ibargaraitik egitea. Horretarako, gaur egun aparkaleku publikoak erabiltzen duen sarrera bera aprobetxatzea proposatzen dugu.

       • Garajeetara sartzeko arrapala Seminarixoko patiotik egitea, plan bereziak aurreikusten duen moduan. Irtenbide honek sotoaren aprobetxamendu handiagoa ahalbidetuko luke eta sarbidea Ostetako kantoiaren azpitik igaroko litzateke.

Bestalde, jeltzaleek diote eraikin berriaren exekuzio-proiektua atzeratuko dela aprobetxatu eta baliatu beharko litzatekeela hartutako erabakia bertan behera utzi eta eraikiko den etxebizitzako autoentzako sarbidea aldatzeko. Orain da momentua.

Horrela, EAJk proposatzen du gaur egungo aparkaleku publikoko sarrera erabiltzea eta, ondoren, Seminarixoko patioaren bazterrean arrapala berri bat egokitzea, Oztetako kantoiaren azpitik (lur-azpitik).

Gure ustez, planteamendu hau etorkizunari begirakoa da: oinezkoen segurtasuna babesten du, etxebizitzen etorkizuneko jabeen beharrak betetzen ditu eta Seminarixoko patioaren erabilera, funtsean, mantenduko luke. Mikel Lete bozeramailea

Horrez gain, aukera berri hau Seminarixoko patioa berrantolatu eta integrazio proiektu bat garatzeko aprobetxatzea proposatzen dute jeltzaleek. Izan ere, gaur egun zaharkituta eta egoera kaskarrean dagoen espazio hori eguneratzeko premia du.

Azkenik, gogoratzen dute jeltzaleek, EH BILDUren erabakia aldatu ezean,  alferrikakoak direla parte hartze prozesuak “erabakia hartu aurretik egin behar dira parte hartze prozesu eta kontsultak, ondoren loreontzien koloreak aukeratzeko besterik ez dute balio eta”. Mikel Lete bozeramailea.

Interesatu Zaitez