Dimako EAJ-PNVk ordenantza bat martxan jartzea lortu du baserrien jarraitutasuna bermatzeko eta udalerrian etxebizitza berriak errazteko

Bi urte baino gehiagoko ahaleginaren ondoren, alderdi jeltzaleak landa-ondarea kontserbatzeko eta Dimako gazteei eta familiei etxebizitza-aukera berriak eskaintzeko funtsezko irtenbide bat bultzatu du, EH Bilduko Gobernu-taldearen ekimenik ezaren aurrean.

Dimako EAJ-PNVk ordenantza bat martxan jartzea lortu du baserrien jarraitutasuna bermatzeko eta udalerrian etxebizitza berriak errazteko 05Martxoak
MartxoaK 05 |
Berria

PARTEKATU

Dimako EAJ-PNVk Udalak udalerriko baserriak zatitzea ahalbidetuko duen ordenantza idazteko batzordea martxan jartzea lortu du. Ordenantza hori funtsezkoa da baserrien jarraipena eta biziraupena bermatzeko eta, aldi berean, dimoztarrei etxebizitza berriak eskuratzea errazteko.

Hori guztia ikuspegi jasangarri batetik, eraikuntza berriak sustatu beharrean, EAJ-PNVk bultzatutako ordenantzaren bidez, dauden baserriak birgaitu eta egokituko baitira. Horrela, “lehen familia bat bizi zen tokian, orain bi bizi ahal izango dira, baliabideak hobeto aprobetxatuz”, zehaztu dute.

2023an agintaldia hasi zenetik, udal talde jeltzaleak behin eta berriz eskatu du ekimen hori, Dimako etxebizitzaren arazoari konponbiderik ematen ez zaiolako.

Bi urte baino gehiagoko itxaronaldia

“Bi urte baino gehiagoko itxaronaldiaren ondoren, azkenean ordenantza egiteko batzordea eratu da. Prozesu honetan, Dimako EAJ-PNVk paper aktiboa hartu du, EH Bilduren Gobernu taldeak aurkeztutako hasierako proposamenaren gabeziak aipatuz eta araudi argia, koherentea eta juridikoki sendoa lortzeko hobekuntzak ekarriz”, azaldu dute.

Alderdi jeltzaletik nabarmendu dutenez, “konstantziaz lan egin dugu Dimaren etorkizunerako funtsezkoa den gai bat desblokeatzeko. Gaur esan dezakegu urrats garrantzitsua eman dela gure konpromisoari esker”.

Era berean, azpimarratu dutenez, “baserriak gure nortasunaren parte dira eta etorkizuna izan behar dute. Ordenantza honi esker, gure ondarea kontserbatu, iraunkortasun irizpideekin jokatu eta udalerriko gazteei eta familiei etxebizitza aukerak eskainiko zaizkie”.

Ildo horretan, “Dimako EAJ-PNVk lanean jarraituko du ordenantza lehenbailehen onar dadin eta dimoztarren zerbitzura dagoen tresna eraginkorra izan dadin”, adierazi dute.

Interesatu Zaitez