Enkarterriko EAJ-PNVk EH Bilduk Sopuertako Udalaren kanal instituzionalen erabilera alderdikoia salatu du

Alderdi jeltzaleak kanal instituzionalek neutraltasunez informatu behar dutela eta ez dutela helburu alderdikoietarako erabili behar kritikatu du. Udalaren sareak herritar guztienak dira, ez alderdi batenak Enkarterriko EAJ-PNVk Sopuertako Udalean EH Bilduren Gobernu taldeak baliabide publikoak alderdikeriaz erabili izana salatu du.

Enkarterriko EAJ-PNVk EH Bilduk Sopuertako Udalaren kanal instituzionalen erabilera alderdikoia salatu du 04Martxoak
MartxoaK 04 |
SOPUERTA

PARTEKATU

Udal aurrekontuak onartu ondoren, Gobernu taldeak mezu bat zabaldu zuen Udaleko sare sozial ofizialetan. Mezu horrek, akordio baten berri eman beharrean, balorazio politikoak eta kritika esplizituak egiten zizkien oposizioko taldeei.

 “Erakunde-kanalek herritarrei objektibotasunez informazioa emateko balio behar dute, ez gobernatzen duenaren kontakizun politikoa helarazteko, ezta beste udal-talde batzuei izen ona kentzeko ere. Udalaren sareak Sopuertako herritar guztienak dira, ez alderdi politiko batenak” azaldu dute jeltzaleek.

Enkarterriko EAJ-PNVren ustez, “EH Bilduk bere kudeaketa eta balantze politikoa defendatzea zilegi da, baina bere kanaletatik egin behar du, eta ez sopuertar guztien diruarekin finantzatutako bitarteko instituzionalak erabiliz”.

Halaber, talde jeltzaleak azpimarratu duenez, “neutraltasun instituzionala oinarrizko berme demokratikoa da. Udal komunikazioak gertakarietan zentratu behar du, hala nola aurrekontu batzuen onarpenean, eta ez Gobernu taldearen alderdi estrategiaren parte diren mezuetan”.

“EAJ-PNVk oposizio arduratsua eta konstruktiboa egiten jarraituko du, baina baita erakundearen eta alderdiaren arteko bereizketa errespetatzen ez duen edozein jardunbideren aurrean erne ere”, amaitu dute.

Interesatu Zaitez