Talde jeltzaleak Gobernuari erreklamatu dio tiraderatik atera dezala Euskal Taldeak Sekretu Ofizialen inguruan aurkeztu zuen Lege Proposamena, duela bi urte aintzat hartutakoa, edo, bestela, berriz ere parlamentuko taldeekiko elkarrizketei hel diezaiela Informazio Klasifikatuari buruzko lege Proiektua lantzeko eta indarrean dagoen lege frankista albait arinen indargabetzera begira
02Martxoak Euskal Taldeak berriz ere eskatu dio Espainiako gobernuari 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eman ziren gertakariei buruzko agiri sekretuak desklasifikatzea, 5 pertsona hil baitziren poliziaren ekintza gogor baten ondorioz. Euskal Taldeak ildo beretik erreklamatu du Kongresuan elkarrizketei berriro ere heltzea, indarrean dagoen arau frankista indargabetzea ekarri beharko duen Sekretu Ofizialen Lege berri bat izapidetzeko.
“Aste honetan, asteartearekin, martxoaren 3ko Gasteizko gertakarien 50. urteurrena beteko da. San Frantzizko elizan, Zaramaga auzoan, 4000 langile batu ziren beren lan eskubideak aldarrikatzeko. Polizia armatuak parrokian sartu ziren, negar gasak erabiliz, langileak bertatik ateratzeko, eta haietako batzuek Poliziaren tiroak jasan zituzten. Hiru pertsona hil ziren elizan bertan eta beste bi handik eta lasterrera ospitaleko urgentzietan”, laburbiltzen du Euskal Taldeak Kongresuan erregistratu duen ekimenean.
Iragan otsailaren 25ean Estatuko Aldizkari Ofizialak Vitoria-Gasteizko Asisko San Frantzizko Eliza gertakari hauengatik duen “balio sinbolikoagatik” eta memoriarako eskubideagatik toki hau Memoria Demokratikoko Leku izendatzeko prozedura hasteko akordioa argitaratu bazuen, Euskal Taldeak ulertzen du sarraski honi dagozkion agiri guztiak desklasifikatzeak ere eskubide horri erantzuten diola. Gertakari haien 50. urteurrena bete dela, Eusko Legebiltzarrean EAJren eta PSEren artean adostutako akordioaren ondorioz, Espainiako gobernuari erreklamatu zaio Estatuaren eta orduko gobernuaren erantzukizuna aitortzea. Halaber, Gobernu zentralak O-23ko agiriak desklasifikatzearekin erakutsi du Ministroen Kontseiluak hori egiteko ahalmena baduela, baldin eta borondate politikoa badago.
Hori dela eta, Euskal Taldeak idatziz eskatu dio Jaurlaritzari martxoaren 3ari buruzko dokumentazioa desklasifikatzeko, "biktimei egindako aitorpen moral, politiko eta historikoaren zati gisa", eta galdetu du ea biktima horiek eta 78ko sanferminetakoak, Mikel Zabalzaren senideek edo Aldana tabernako atentatukoek beste kategoria bat duten, O-23ko biktimen kategoriaz bestelakoa, eta horrek justifikatzen ote duen Otsailaren 23ko dokumentuak bai desklasifikatzea eta besteak, ordea, ez.
Talde jeltzaleak Pedro Sánchezen Gobernuari erreklamatu dio parlamentuko taldeekin egin beharreko elkarrizketak berriro has ditzala, Informazio Klasifikatuari buruzko Lege Proiektuak omen duen betoa gainditzeko, edo tiraderatik atera dezala Euskal Taldeak aurkeztu zuen Sekretu Ofizialen Lege Proposamena, 2024ko otsailean aintzat hartu zena eta betorik gabe izapidetu ahalko litzatekeena, Kongresuko Mahaiak baimena ematen duenean.
Euskal Taldearen asmo sendoa da martxoaren 3ko gertakariei buruzko agiri guztiak argitaratu daitezela, eta ekinean jarraituko du Sekretu Ofizialen Lege Frankista indargabetuta gera dadin eta Europako estandarren araberako lege bat onartua izan dadin. Hori dela eta, aste honetan bertan, EAJ-PNVren ekimenez, mozio bat eztabaidatuko da senatuan eta Euskal Taldeak Gorte Orokorretan behar besteko ekimenak aurkezten joango da, esandako helburu hori lortzera begira.