Hainbat talde politikotako hamabost bat kidek, EAJ-PNVko eurodiputatua barne, François Bausch Europako koordinatzailearen ekimena babestu dute, eta trenbide-korridore hori bizkortzeko lan egiteko konpromisoa hartu dute
25Ekainak François Bausch Korridore Atlantikoaren Europako Koordinatzailearen ekimenez, eta Oihane Agirregoitia jeltzalearen gidaritzapean, talde politiko eta nazionalitate desberdinetako hamabost bat eurodiputatuk, hain zuzen ere Estatu espainiarreko, Frantziako eta Portugaleko eurodiputatuek, aurrerapauso bat eman dute aste honetan bertan Europako Parlamentuan "Atlantikoaren Lagunak" sortuz. Korridore atlantikoari bultzada politikoa ematearekin konprometituta agertu diren parlamentarien artean eratu den sarea da, eskualde batzuetan, Frantzian bereziki, proiektu honen inguruan ager daitezkeen zailtasunak gainditzeko helburuarekin. Euskadirentzat proiektu estrategikoa da, ez bakarrik Europako gainerako herrialdeekin konektatzeko, baita lehiakortasuna indartzeko ere.
"Korridore Atlantikoa ez da azpiegitura hutsa: lurralde-kohesioa, lehiakortasuna eta Europaren subiranotasuna da. Euskal Y trenbidea da posible egiten duen elementua da, eta, beraz, Europako Parlamentutik presio politikoari eusteko ardura dugu, epeak bete daitezen eta abiadura handiko trena Euskadin aurreikusitako datan (2030-2032) martxan egon dadin ez ezik, jarraipena izan dezan Akize, Bordele eta Pariserako mugaren beste aldean, eta horretarako garrantzitsua da ahalik eta instantzia gehienetatik jardutea", adierazi du eurodiputatu jeltzaleak.
"Atlantikoaren Lagunak" izeneko taldea zeharkako plataforma gisa sortu zen, korridore horretako abiadura handiko proiektuak sustatzeko interesa duten eurodiputatu guztiei irekia. Helburu hauek ditu: beharrezko inbertsio-premiei buruz kontzientziatzea, egikaritze-epeak Europa barneko garraio-sarearen egutegiarekin bat datozela bermatzea, eta korridorearen ikusgarritasun publikoa eta mediatikoa Europa mailan areagotzea.
Jardueren artean aurreikusten da parlamentuekin are elkarrizketa handiagoa izatea eta korridorearen proiektu handiak bertatik bertara bisitatzea. Europako koordinatzaileak bileran azaldu zuenez, asmoa da lehen bisita Euskal Y- trenbidearen obretara egitea, hau da, Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriak Madrilekin eta Frantziarekin lotuko dituen abiadura handiko azpiegituraren obretara, eta Euskadirentzat estrategikoa dena. Lanak aurrera doazen arren Hegoaldean, botila lepo nagusietako bat, Donostia eta Bordele arteko mugaz gaindiko lotura izaten jarraitzen du.
Ander Caballero Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaz gain, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europako gaietarako zuzendaria, Marta Marin Eusko Jaurlaritzak Bruselan duen ordezkaria eta Jose Antonio Sebastian Korridore Atlantikoko koordinatzaile espainiarra izan dira aste honetan ekimenaren aurkezpen ekitaldian.