Berdelaren kuotaren murrizketaren aurrean Irlandako arrantza sektorea babestu du Oihane Agirregoitiak, eta kezka hau euskal ontzidiarena ere badela adierazi du

“Egoera guztiz bidegabea da eta EBk neurriak hartu beharko lituzke arrantza babesteko”, ohartarazi du EAJ-PNVko eurodiputatuak arrantza sektorearen etorkizunaren inguruan, Irlandan, Castletownberen, eman duen konferentzian

Berdelaren kuotaren murrizketaren aurrean Irlandako arrantza sektorea babestu du Oihane Agirregoitiak, eta kezka hau euskal ontzidiarena ere badela adierazi du  20Otsailak
OtsailaK 20 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

“Ulergarria da irlandar sektorearen ardura, berdin gure arrantzaleena ere, 2026an berdelaren kuota gutxi gora behera %70 murriztu dela jakitean. Bien bitartean, Islandiak, Feroe irlek, Norvegiak eta Erresuma Batuak %48ko murrizketa baino ez dute izango. Egoera hau guztiz bidegabea da, banaketarako oreka historikoa apurtu da eta neurriak beharko dira jarduera bera eta enplegua babesteko”, adierazi du EAJ-PNVko eurodiputatuak arrantzaren etorkizunaren inguruan Fianna Fail alderdiak eta Renew Europe taldeak  antolatuta Irlandan Castletownberen egin den  hitzaldian.

Agirregoitiak Europar Parlamentuaren arrantza batzorde kide den aldetik, hitz egiteko izan duen tartean deitoratu ditu halako erabakiek dakartzaten ondorio kaltegarriak, eta ohartarazi du Europar Batasunaren eta kostako estatuen arteko negoziaketen lehentasuna izan beharko litzatekeela batasunaren ontzidiarentzako desabantailak saihestea eta Europar Batasunak kontserbatzeko egiten duen ahalegina era ekitatiboan partekatzea, kostako estatu guztien artean. EBk, harrapaketen guztizko onargarriaren murrizketa erabaki beharko zukeen kostako beste herrialdeetan erabakitakoaren antzerakoa, %48koa, banatzeko tasa historikoari eutsiz”, defendatu du.

Ordezkari jeltzaleak bertaratuen aurrean azaldu du kuotaren murrizketa handiak eragin duen haserrea euskal arrantzaleek ere badutela, eta desenbarkatzeko derrigorrak eragiten duen arazoa aipatu du. Cynthia Ní Mhurchú  irlandar eurodiputatu andreak antolatutako topaketan, arrantza sektoreko ehun bat ordezkari, Irlandako arrantza sektoreko ordezkariak eta arrantzara dedikatzen den Castletownbere hiriko arrantzaleak bertan izan direla, arrantzalekuen iraunkortasuna  eta Arrantza Politika Erkidearen etorkizuna jorratu dituzte.

2023tik indarrean dagoen politika da eta agerian geratu da horren elementu batzuek “dagoeneko ez dutela funtzionatzen eta berrikusi egin behar direla”, azaldu du. Halaber, kudeaketa egokia lortzeko behar den politika den arren “zama administratibo handia eta buruko min ugari eragiten dizkie arrantzaleei. Paperak edozer har lezake, baina errealitateak ez. Hutsegite horiek zuzendu behar dira”, aldarrikatu du.

Ildo beretik defendatu du datu zientifikoak eta sektorearen bideragarritasuna aintzat hartuko dituen Arrantza Politika Erkidea, ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arteko oreka bermatzeko, eta azpimarratu du plan integrala hasi beharko litzatekeela belaunaldien erreleboa bermatzeko. “Oso bilera aberasgarria izan da eta aliantzak bilbatzen lagundu beharko liguke. Ondo baino hobeto ulertzen dugu sektoreak une latza bizi duela. Itsasoak babesteko lana uztartu behar da familia askoren bizimodua den sektorearen bideragarritasunarekin”, baloratu du.

Bertako arrantzaleak eta sektoreko ordezkariak  kexatu egin dira eta aipatu egin dituzte “benetan zailak diren” araudiak, “gehiegizko burokrazia”, Brexitak arrantza kuoten banaketarako ekarri dituen ondorioak, itsasontzien hausketa, arrantza eskubideen galera, kostako produktuak Europan merkaturatzeko lanak eta lehiakor izateko planteatzen diren zailtasunak.

Interesatu Zaitez