Eibarko EAJ-PNVk Udaltzainburuaren erreleboarekin desadostasuna adierazi du eta alkatearen erabaki unilaterala salatu du

Formazio jeltzaleak gardentasun eza kritikatu du eta kargugabetzea ez dela Udal Gobernuaren baitan aurrez adostu ziurtatu du.

PNVk defendatzen du profesionaltasuna eta gaitasun teknikoa lehenetsi behar direla irizpide politikoen edo oinarririk gabeko argudioen gainetik.

Eibarko EAJ-PNVk Udaltzainburuaren erreleboarekin desadostasuna adierazi du eta alkatearen erabaki unilaterala salatu du 16Otsailak
OtsailaK 16 |
EIBAR

PARTEKATU

Eibarko EAJ-PNVk publikoki adierazi nahi du ez dagoela ados Udaltzainburuaren erreleboa egiteko hartu den erabakiarekin; alderdi jeltzalearen arabera, erabaki hori ez du Gobernu talde osoak hartu, alkateak bakarrik baizik.

EAJ-PNVk prozesu honetan eman den erabateko gardentasun falta salatzen du. Gaur-gaurkoz, ez dira publiko egin kargutik kendu den udaltzainburua bere postuan ez berritzeko kontutan izan diren benetako arrazoiak, bere lan epealdia beste bi urtez luzatu zitekeenean. Gainera, erabakia ez da aurrez gobernu-bazkideen artean kontrastatu edo adostu, eta horrek jarduteko modu unilaterala eta opakoa agerian uzten du. Bestalde, gaia ez da Pertsonal Batzordean ere landu gainerako taldeekin batera.

EAJ-PNVtik deitoratu dute kargugabetzea irizpide teknikoek baino gehiago irizpide politikoek bultzatua izan dela. “Ez da azalpen objektiborik edo erabaki hau justifikatuko luketen ebaluaziorik eman”, adierazi dute. Jeltzaleen ustez, halako garrantzia duen erabaki batek —herritarren segurtasunean zuzenean eragiten duenak— zorroztasuna, elkarrizketa eta oinarri tekniko sendoak eskatzen ditu.

Jeltzaleek, halaber, alkateak azken adierazpenetan emandako justifikazioa ere baztertu dituzte; bertan adierazi zuen “orain hobeto funtzionatuko dela Eibarrek etxeko aginte bat izango duelako”. PNVren iritziz, argudio hori desegokia eta oinarririk gabea da. “Lehenetsi behar dena profesionaltasuna, prestakuntza eta Eibarko segurtasuna benetan hobetzeko gaitasun erreala dira. Profesional onenak nahi ditugu, prestatuen dauden pertsonak”, adierazi dute.

Ildo horretan, jeltzaleek kezka agertu dute, “etxeko jendea” lehenesteko aitzakiapean, iraganeko inertziak betikotzeko arriskua dagoelako; inertzia horiek Eibarko herritarren artean segurtasuna kezka nagusietako bat bihurtzen lagundu baitute.

EAJ-PNVrentzat erabakia are larriagoa da, Trafiko arloaren ardura alderdi jeltzalearen eskuetan baitago, eta kendu berri duten udaltzainburuaren lanaren balorazioa oso ona baitzen. Urtebeteko denbora tartean, Mugikortasun eta Trafiko Batzordeko idazkari izan da, Herritarren Segurtasun Foroaren parte hartu du, Udal Poliziaren plantillaren berregituraketa gidatu du eta Ertzaintzarekin batera trafikoa kontrolatzeko lehen kamerak kokatzeko tokiak definitzen lan egin du, beste ekimen estrategiko batzuen artean.

Hori dela eta, EAJ-PNVren iritziz kontraesana da orain alkateak komunikabideetan trafikoa kontrolatzeko kameren sisteman etorkizuneko hobekuntzak nabarmentzea edota balioan jartzea; lan-ildo hori, hain zuzen ere, Trafiko arlotik bultzatu baitzen orain kargugabetutako buruaren gidaritzapean.

Halaber, jeltzaleek gogorarazi dute auzozainen figura lehendik ere bazegoela, eta Alderdi Sozialistari egozten diote haren prestigioa galtzen lagundu izana, garaiz eta behar bezala erreleboa proposatu ez izanagatik. Orain berriz ezartzeko hartu den erabakia berandu dator eta herritarren presioari erantzuten dio gehiago, segurtasun arloan plangintza serio eta koherente bati baino.

EAJ-PNVk berretsi egiten du profesionaltasunean, planifikazioan eta erakundeen arteko zein polizia-kidegoen arteko lankidetzan oinarritutako segurtasun-politikarekiko konpromisoa, eta alkateari azalpen argiak, gardentasuna eta leialtasuna eskatzen dizkio, Udal Gobernu osoari eta, bereziki, Eibarko herritarrei eragiten dieten erabakietan.

Interesatu Zaitez