Gobernu zentralaren menpe dagoen Costasek hondartzan bainu publikoak kentzeko duen asmoa kritikatu du alderdi jeltzaleak, eta gardentasun eta lidergo instituzionalik eza leporatu dio EH Bilduri: "Sarbidearekin gertatu zen lehenengo, bainuak orain; Sopelak ezin du zerbitzuak galtzen jarraitu bere udalaren gelditasunagatik".
13Otsailak Sopelako EAJ-PNV berriro ere kezkatuta agertu da Barinatxe hondartzaren inguruaren kudeaketarekin, Espainiako Ministerioko “costas-ek hareatzako bainu publikoak kentzeko duen asmoaren berri izan ondoren. EAJren ustez, erabaki horrek kalte larria eragingo lioke higieneari, osasungarritasunari eta garbitasunari, ingurumen-balio handiko tokia da eta urte osoan jende asko biltzen da inguruan.
Udal talde jeltzaleak ohartarazi du bainu publikoak kentzeak ingurune naturala zikintzeko eta hondatzeko arazo nabarmenak sortuko lituzkeela, eta erabiltzaileei zein hondartzaren kontserbazioari eragingo liekeela. "Barinatxe bezalako hondartza batean bainu publikoak kentzea ez dator bat gizartearen errealitatearekin, ezta espazio horrek duen erabilera intentsiboarekin ere", adierazi dute.
EAJ-PNVk zuzenean kritikatu du Gobernu zentralaren menpe dagoen Costasen erabakia, Sopelaren benetako beharrak kontuan hartu gabe berriro erabaki nahi dutela uste baitu. Hala ere, alderdiak azpimarratu du udalerriaren interesak defendatzeko ardura politikoa udalari dagokiola.
"Kezkagarriena ez da Costasen erabakia bakarrik, EH Bilduren Udal Gobernuak Sopelaren interesak lehenetsi, negoziatu eta irmo defendatzeko duen ezintasuna baizik", adierazi du EAJk. "Lehenengo hondartzarako sarbidea izan zen; orain bainu publikoak dira. Argi dago funtsezko zerbitzuak galtzen ari garela, udalaren lidergorik gabe eta argi informatu gabe ".
Jeltzaleek gogorarazi dute duela bi hilabete jakinarazi zitzaiela Barinatxe inguruan aurreikusitako jarduerei ekiteko informazio-batzorde bat prestatzeko asmoa zutela. Hala ere, gaur egun ez da batzorderik deitu eta udal taldeak ez du hartzen ari diren erabakiei buruzko informazio zehatzik jasotzen.
"Informaziorik gabe jarraitzen dugu, gardentasunik gabe eta parte-hartzerik gabe", salatu dute. "Aldebakarreko kudeaketa eta opakutasuna ezin dira izan Sopelarentzat garrantzitsuak diren gaietan jarduteko modua".
EAJ-PNVk azpimarratu du Barinatxek behar duena dela ingurune naturalaren defentsa plangintza serio eta parte-hartzailea, erakundeen arteko lankidetzan oinarritutakoa. "Hondartza babestea ez da alternatibarik gabeko zerbitzuak ezabatzea; orekaz, erantzukizunez eta herritar guztiengan pentsatuz kudeatzea da", ondorioztatu dute.
Alderdi jeltzaleak politika erabilgarri baten aldeko konpromisoa berretsi du, kudeaketa onean, gardentasunean eta Sopelako herritarren defentsa irmoan oinarrituta beste administrazio batzuen aurrean, eta udal Gobernuari eskatu dio inprobisazioa alde batera uzteko eta udalak behar duen lidergoa hartu dezala.