Idoia Sagastizabal diputatuak egoki jotzen du hornidura elektrikoaren segurtasuna bermatzea, baina hura finantzatzeko moduaren inguruan eztabaidatzeko eskatu du, familiek eta goi-tentsioaren kontsumitzaileek zama hori beren gain hartu behar izan ez dezaten
"Azken hilabeteetan argindarraren faktura igo egin da, nabarmen gainera, eta kontsumitzaile askok zergatik ote den galdetzen dugu kontsumoa gutxi gorabehera berdina izan bada, fakturak ez baitu garbi zehazten. Erantzuna izan da `eragiketa indartua´ abian jarri dela, hau da, sistema elektrikoaren segurtasuna bermatzeko martxan jarri zen operazioa. Bederatzi hilabete geroago, egoera berean jarraitzen dugu", aurpegiratu dio gaur, asteazkenarekin, Idoia Sagastizabal Euskal Taldeko diputatuak Espainiako Gobernuari.
Eragiketa horren kostua, Sagastizabalek Red Electricatik jaso dituen datuen arabera, 486 milioi eurokoa da, eta horren ordainketa "etxeko eta industriako kontsumitzaileen" artean banatzen ari da.
"Argindarraren faktura deszifratzea zaila da hiritargoaren zati batentzat, bere konplexutasunagatik eta jasotzen dituen datu ezberdinengatik, baina seguru hau ulertzen dela: Itzalaldiaren aurretik, sistemak 9 €/ MWh balio zuen; orain, 14 €/ MWh balio du, 25 €/ MWh izatera iritsi diren puntuekin", azaldu du diputatu jeltzaleak, eta horrek industria elektrointentsiboarentzat eta familientzat fakturaren igoera nabarmena dakarrela esan du, "urtean 90 euro inguru gehiago ordaintzen" amaitu dezaketelako, "zenbateko hori txikiagoa izan behar litzateke, berriztagarriak sarean sartzeagatik elektrizitatea gaur egun merkeagoa delako". Gainkostua, Sara Aagesen Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministro eta hirugarren presidenteordeari aurpegiratu dionez ,“tarifa indexatuak dituzten kontsumitzaileek asumitzen dute, etxeko kontsumorako tarifa arautua barne, zeinetan familia zaurgarri asko biltzen diren, bonu soziala eskuratzeko aukera ematen duen bakarra delako. Kaltetuenak dira, hain zuzen, merkatuko prezio merkeen onuradun izan beharko luketenak”.
Sagastizabalek kritikatu duenez ez dira ezagutzen "irizpide teknikoak, aurreikusitako iraupena eta segurtasun-ezkutu hori kentzeko egutegia", eta etorkizun hurbilean mantenduko dela iragarri du. Horregatik, kontsumitzaileek argiaren fakturan gainkostu hori bere gain hartzen ez jarraitzeko neurriak aplikatzeko eskatu dio ministroari: "Inork ez du eztabaidatzen horniduraren segurtasuna funtsezkoa dela, baina segurtasun hori nola finantzatzen den eztabaidatu behar dugu".