Eusko Legebiltzarrean adostasun zabala Gazako palestinarren kontrako genozidioa gaitzesteko

Gasteizko Ganberak EAJ-PNVk, Bilduk, PSE-EEk eta Sumarrek sinatutako testu sendo bat onartu du. Bertan, zerrendan berehalako su-etena eskatzen da

Eusko Legebiltzarrean adostasun zabala Gazako palestinarren kontrako genozidioa gaitzesteko 05Ekainak
EkainaK 05 |
Eusko Legebiltzarra

PARTEKATU

Israelgo Estatuak Gazako herritar palestinarren aurka egindako genozidioa irmo eta ñabardurarik gabe gaitzestea, Gazan berehalako su-eten iraunkorra eskatzea eta Palestinako herriak bere Estatu aske eta subiranoa sortzeko duen eskubidea aitortzea onartu du gaur goizean Eusko Legebiltzarrak. Gasteizko Ganberan aurrera atera den ekimenak EAJ-PNV, Bildu, PSE-EE eta Sumarren babesa izan du (75etik 67 eserleku).

“Zuzeneko genozidio bat bizitzen ari gara, eta horrek gizarte zibilizatu gisa aurresuposatzen zaizkigun muga etiko eta moral guztiak gainditzen ditu. Oinarrizkoenaz ari gara: giza bizitzaz”, azaldu du osoko bilkuran Maitane Ipiñazar legebiltzarkide eta EBBko idazkariak. “Momentua ez da edonolakoa, beraz, erantzuna ere ez da edonolakoa izan behar.”, adierazi du. Horregatik, EAJ-PNVk “onartezintzat” jo du Gazan gertatzen ari den genozidioa, sarraskiak, osotasun fisikoaren aurkako lesioak, biztanleria bizi-baldintza negargarrien mende jartzea eta palestinar herriaren jaiotza-tasaren aurkako neurriak barne hartzen dituen egoera.

Eusko Legebiltzarrak gaurko Osoko Bilkuran onartutako testuak nazioarteko zuzenbide humanitarioa, nazioarteko ebazpenak eta Giza Eskubideak erabat errespetatzea eskatzen du. Aldi berean, Gazako zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko bide seguruak bermatzea eskatu du, Lurralde horren blokeo ankerra eta legez kanpokoa kenduz, eta Gazako osasun sistemaren suntsitze sistematikoa salatu du, ospitaleak, anbulantziak eta medikuak bonbardatzea barne.

Zuzenketak, halaber, Europar Batasunari eskatzen dio bere eragina eta boterea erabil dezala Giza Eskubideen, Justiziaren eta kontuak ematearen alde; babesa ematen dio Ekialde Hurbileko Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) lanari; eta Eusko Legebiltzarrak biktima guztiekin duen elkartasun aktiboa adierazten du.

Testuak, era berean, "Palestinako herriak bere Estatu aske eta subiranoa sortzeko duen eskubidea" aitortzen du, eta "errefuxiatu palestinar guztien itzulerarako eskubidea" defendatzen du, "NBEren 194 Ebazpenari jarraiki".

Interesatu Zaitez