Miren Martiarena eta Oihane Agirregoitia Europako Alderdi Demokratako idazkari nagusiarekin batzartu dira Europan ekintza politikoa lantzeko

EBBko Burukideak eta EAJ-PNVko eurodiputatuak Sandro Gozirekin egin duten bileran hizpide izan dituzte euskararen ofizialtasuna EBn, Europako hauteskunde legearen erreforma eta mugaz gaindiko lankidetza proiektuak

Miren Martiarena eta Oihane Agirregoitia Europako Alderdi Demokratako idazkari nagusiarekin batzartu dira Europan ekintza politikoa lantzeko 04Ekainak
2025
2025 EkainaK 04 |
Europako Legebiltzarra

PARTEKATU

Miren Martiarena, Euzkadi Buru Batzarrean Kanpo Harremanetarako, Berdintasun eta Gazteen gaietarako eta Helduak erakundeetako burukide arduraduna, eta Oihane Agirregoitia EAJ-PNVko eurodiputatua Sandro Gozi Europako Alderdi Demokratako idazkari nagusiarekin bildu dira gaur, asteazkenarekin, EBBrn ordezkariak Bruselara egin duten lehen bisita ofizialean, EAJ-PNVren Europako ekintza politikoaren lehentasunezko hainbat gai jorratzeko: euskararen ofizialtasunaren proposamena EBn, Europako hauteskunde-legearen erreforma eta lege hori Estatuan aplikatzea, eta mugaz gaindiko lankidetza-ekimenen garrantzia, hala nola Makroeskualde Atlantikoa.

Gai Orokorren Kontseiluan adostasunik eman ez zenez, joan den astean ezin izan zen bozkatu EBko hizkuntza-araubidea arautzen duen 1/58 Erregelamenduaren erreforma, euskara, katalana eta galiziera EBko hizkuntza ofizialtzat hartzeko. Agirregoitiak eta Martiarenak EBn euskararen ofizialtasuna lortzeko lanean jarraitzeak Euskadirentzat duen garrantzia adierazi diote Goziri. "Lanean jarraitu beharko dugu, egon daitezkeen zalantzak argitzeko", azaldu du Agirregoitiak PDEren Bruselako egoitzan egin den bileraren ostean. "Gure aldetik, maila goreneko harreman politiko guztietan euskara EBn ofiziala izatearen garrantzia planteatzen jarraituko dugu, eta hori da horren adibide", gaineratu du Martiarenak.

Halaber, bi ordezkari jeltzaleek PDEko idazkari nagusiari jakinarazi diote garrantzitsua dela Europako hauteskunde-lege bat aplikatzea, barruti autonomikoak egotea ahalbidetuko duena eta Estatu mailan gutxiengo nazional edo linguistiko aitortuak ordezkatzen dituzten alderdi politikoentzat edo hautesle-elkarteentzat har daitezkeen salbuespenei kalterik egin gabe aplikatuko dena, Europako Parlamentuak 2022ko maiatzaren 3an onartutako ebazpenean jasota dagoena betez.

Gainera, Euskadi bezalako lurraldeentzat mugaz gaindiko lankidetza bultzatzeak eta Makroeskualde Atlantikoaren proposamena bultzatzeak duten garrantzia azaldu diote, Frantzia, Irlanda edo Portugalgo eskualdeekin lankidetza garatzeko, eragina orekatzeko eta ekialderako desplazamendua indargabetzeko eta trenbide-, energia-, ingurumen- edo kultura-proiektuak bultzatzeko.

Interesatu Zaitez