EAJ-PNVk “inkoherente” jo du PPk zentsura mozio baterako babes eske etortzea

Maitane Ipiñazarrek EAJ-PNVren EBBko idazkariak, “harrigarri”, jo du “PPk berak”, euskararen, autogobernuaren eta Alderdiaren beraren kontra agertu den alderdia izanik, orain zentsura mozio baterako babes eske hurbildu izana

EAJ-PNVk “inkoherente” jo du PPk zentsura mozio baterako babes eske etortzea 30Maiatzak
2025
2025 MaiatzaK 30 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Maitane Ipiñazarrek Euzkadi Buru Batzarraren idazkariak PP alderdiaren “koherentziarik eza” deitoratu du, balizko zentsura mozio baterako babesa eskatu baitio. Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketan, burukide eta eusko legebiltzarkideak “onartezin” jo ditu Alberto Núñez Feijóoren alderdiak euskararen, euskal autogobernuaren eta EAJ-PNVren kontra azken aldian egin dituenak eta , ondorioz, “ulertezin” deitu du aldi berean zentsura mozio baterako babesa eskatzea: “Alde batetik, euskararen kontrako pausuak eman dituzte, Europako hauteskunde legerian aldaketak bultzatu dituzte Europan gure ordezkaritza eragozteko, autogobernuaren kontrako errekurtsoak aurkeztu dituzte eta Parisko Marceau etorbidean gurea den eraikina berreskuratzearen kontra agertu dira. PP hori berori da orain zentsura mozio baterako babes eske datorrena? Ez da bat ere koherentea”, adierazi du.

Bestetik, eta asteburuan bertan Euskal Pilotaren Nazioen Ligan Euskadik bere selekzio ofiziala aurkeztuko duela gogoan, Ipiñazarrek ziurtatu du “emozio handiz” bizi duela “albiste handi hau”, eta gaineratu duenez “oso garrantzitsua da nazio eraikuntzaren alderditik”. Halaber, EBBren Idazkariak gogora ekarri du EAJ-PNV izan dela Euskal Pilota Selekzioaren ofizialtasuna lortu duena, Legea aldatzea lortuz. “Gogora ekarri nahi dut, halaber, EAJ-PNVk Kirolaren Legea aldatzeko egin duen lan eskerga, euskal selekzioa dagokion tokian egon dadin. EH Bilduk abstentzioa bozkatu zuen orduan. Guretzat albiste bikaina da hau”, amaitu du .

Azkenik, EBBren Idazkariak argi eta sendo salatu nahi izan du gaur goizean Bilbon erregistratu den indarkeria matxistaren azken kasua, eta EAJ-PNV osoaren elkartasuna adierazi nahi izan die biktimaren familia eta inguru osoari.

Interesatu Zaitez