Eurodiputatu jeltzaleak sektoreak egun bizi duen egiturazko krisiaz ohartarazi du eta nazioarteko beste ereduetara begiratzea eskatu du,hala nola, India, Brasil eta AEB
29Maiatzak EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak Europako Batzordeari adierazi dio energia berriztagarrien europar industriak gaur egun bizi duen egoera zailak eragiten dion kezka, eta neurriak erreklamatu eta aldarrikatu ditu Europako hornitzaileak babesteko. “Energia berriztagarrien Europako industriak egiturazko krisia bizi du orain, eta egoera are larriago bihurtu da azken hilabeteotan Asiako inportazioek eragiten duten presioagatik eta AEB bezalako herrialdetara exportatzeko orduan dauden zailtasunak kontuan hartuta, muga-zergak edo tokiko edukien betekizunak direla eta”, azaldu du Agirregoitiak.
Batasunaren burutzari zuzendutako galdera sorta berean, EAJ-PNVk Euroganberan duen ordezkariak ohartarazi du teknologia garbiko osagaien munduko fabrikazioa- energia eolikora, eguzki energiara eta energia metatzera bideratutakoak kasu- bizkortasunez hazi den modu berean, Europako enpresek gainbehera ezagutu dute lehiakortasunean eta iraunkortasunean. “Asiatik egiten diren inportazio merkeagoak eta AEBko merkatuak ezarri dituen mugak gainbehera hori bizkortzen ari dira. Azken hilabeteotan itxierak eta kaleratzeak eman dira sektore eolikoan, eguzki energian eta metatze industrietan, eta horrek eraginak izan ditu Frantzian, Alemanian, Italian, Danimarkan, Austrian, Espainian eta Suedian”, ohartarazi du eurodiputatu jeltzaleak.
Bien bitartean, “EBtik kanpoko produktuak- Asiakoak bereziki- Europako merkatuan gailendu dira. Elementu positiboa, Agirregoitiaren eta sektorearen aburuz, Itun Industrial Garbia, tokian tokiko fabrikazioa “Made in Europe” baldintzatzat eta oinarri estrategikotzat ezartzen duena. Hala ere, “funtsezkoa da neurri horiek behar bezain zabalak eta eraginkorrak izan daitezela”, ohartarazi du Agirregoitiak, eta adibidetzat jarri ditu AEB, India eta Brasil, balio katearen zati handi batean %50etik %60era bitartean toki produkzioa izateko baldintzatzat jartzen baitute. Esate baterako, AEBn inflazioa murrizteko legeak zerga pizgarriak ezartzen ditu berriztagarrietarako eta ibilgailu elektrokoetarako, baldin eta tokiko edukien betekizunak betetzen badira.
Sektoreak sufritzen duen presioaren aurrean, EAJ-PNVko eurodiputatuak hiru galdera egin dizkio Batzordeari. Lehenik eta behin, energia berriztagarrien hornikuntza kate osoan Europako tokiko edukien betekizunak zabalak eta eraginkorrak izateko neurriei buruzko jarrera azal dezala. Bigarrenik, Batzordeak planteatzen ote duen AEB, India eta Brasil bezalako herrialdeetan erabiltzen ari diren antzeko sistema erabiltzea eta, hirugarrenik, tokiko edukiak nola zehaztu eta gainbegiratuko diren balio handiko osagaien fabrikazioak EBn “Europan egina” baldintza berma dezala eta ez bakarrik “Europan mihiztatua”.