Jeltzaleek eta sozialistek Legez Besteko Proposamen bat izapidetu dute Eusko Legebiltzarrean, Osoko Bilkurak foro parlamentario horren sorrera onar dezan
EAJ-PNVk eta PSE-EEk legez besteko proposamen bat izapidetu dute gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, Euskadiren kalitate demokratikoa hobetzeko ponentzia bat abian jartzeko. Osoko Bilkurak foro horren sorrera onartu beharko du. Foro horrek lege bat edo batzuk edo lege-aldaketa batzuk garatzeko oinarriak ezarriko ditu, eta Euskadik arau-esparru zabala, berritua eta abangoardiakoa izatea nahi du, demokrazian erreferentea izango den herrialde bihurtzeko bidean.
Jeltzaleek eta sozialistek izapidetutako LBParen arabera, honako printzipio hauek hartu beharko dira kontuan: “pertsona guztien giza eskubide, duintasun eta errespetuan oinarritzea, ongi komunaren lehenestea, herri politiken balio demokratikoa indartzea, herritarrei eta gizarte eragileei entzun eta haiekiko lankidetza sustatzea, eztabaida publikoaren kalitatea sendotzea, desinformazioari aurre egitea, balio etiko eta demokratikoetan sakontzea, askatasunean, aniztasunean, berdintasunean eta justizia sozialean oinarrituriko balioak sustatzea”.
EAJ-PNVk eta PSE-EEk adostutako testuan proposatzen da, Eusko Jaurlaritzak bat egin duen European Democracy Action Planaren jarraipen gisa Europako Batzordea osatzen ari den European Democracy Shield estrategia erreferentzia moduan hartzea ponentziaren garapen marko moduan.
Ponentzia garatzeko orduan, jeltzaleek eta sozialistek, erakunde publiko, gizarte eragile, herritar eta adituekiko lankidetzaz baliatzea sustatzen dute, emaitzak ahalik eta sendoenak, aberatsenak eta baliagarrienak gerta daitezen.
EAJ-PNVko legebiltzarkide Xabier Barandiaranek gogorarazi duenez, “Pradales Lehendakariak egindako proposamen hori egokia da Europa modernoaren sorrerako balioak eta eredua jokoan dauden une honetan, hala nola bakea, askatasuna, berdintasuna eta justizia soziala. Herri gisa aurrera egitea garapen demokratikoaren eskutik lortu daiteke soilik”.
Bestalde, Pau Blasi PSE-EEko legebiltzarkideak euskal gizarteak dituen erronkak nabarmendu ditu, hala nola “aro digitalean erabat sartzea, lehiakorrak izaten jarraitzea, ongizate-estatuari eustea, krisi ekologikoari aurre egitea edo genero-berdintasunaren eskakizun atzeraezina ziurtatzea”. Horiei aurre egiteko, gaineratu du, ezinbestekoa da “demokrazia indartzea”, eta, horretarako, “kultura demokratikoan sakondu behar dugu, herritarrak ahaldundu eta erakundeen eta herritarren arteko lankidetza estutu”.