Eurodiputatu jeltzaleak Europar Batzordeari eskatu dio horiek sisteman sartzekotan, sektorea babesteko jarriko dituen neurriak argi ditzala
EAJ-PNVko eurodiputatuak, Oihane Agirregoitiak, galdera sorta bat egin dio Europar Batzordeari, CO2 isurketen erregimena zabaltzeko posibilitateaz, europar arrantza ontzidia barne hartuz. Tresna hori da EBk gaur egun daukan tresna nagusia, negutegi efektua dakarten gasen isurketak murrizteko, eta 2024ko urtarrilean hasi zen aplikatzen, itsasoko garraioa barne hartuz, 2027 urtera arte aurreikusita dagoen egutegiaren arabera, arrantza sektorea oraindik salbuetsita dagoen arren.
Ekainaren 4an, Europar Batzordeak, Itsasoen aldeko Ituna aurkeztuko du, zeinaren bidez ekonomia urdina sustatu eta itsaso eta kostalde iraunkorrak izan nahi diren, bai eta EBk itsasoetan pentsatuta abian jarri dituen politika guztiei koherentzia emateko ere. Agiri hori prestatzeko lanetan aztertu da CO2 isurketak zergapetzen dituen eskema arrantza sektorera zabaltzea.
Hori dela eta, euskal eurodiputatuak Exekutiboari erreklamatu dio planak argi ditzala “sektore honen aktibitateari dagokionez isurketa guztiak kontuan hartuz arrantzarena oso zati txikia dela” gogoratuz. Era berean eskatu du sistema horretan ontzidia sartzeak ekarriko lituzkeen kosteak azaltzea eta zer babes neurri jarriko lituzkeen erregaiaren prezio altua, arrantzan ezarritako murrizketak, eta deskarbonizazio helburu horien pean ez dauden hirugarren herrialdeen lehia aintzat hartuz. “Oso garrantzitsua da Batzordeak arrantza sektorerako dituen planak ezagutzea, isurketen erregimen hori zabaltzen bada, arriskuak planteatu baititzake sektorearen iraunkortasunerako”, ohartarazi du diputatu jeltzaleak.
Galdera sorta hau aurkeztearekin batera, aste honetan Agirregoitiak berak Stéphanie Yon-Courtin eta Ana Vasconcelos eurodiputatuekin batera antolatuta Renew Europe taldeak Itsasoen aldeko Itunari, ekonomia urdinari, iraunkortasunari, eta segurtasunari buruzko mintegia egin du.
Deskarbonizazioaren gaiaz gain, Euroganberan aste honetan egin den arrantza batzordearen bileran hitz egin da EBren deskarbonizazioaren eta arrantza arteen garapenari buruz egin den txostenaz. “Arrantza modernizatzea oinarrizko zutabea da gure ekonomiarentzat guztiz funtsezkoa den sektore hau trantsizio klimatiko eta teknologikoaren helburuekin lerrokatuta egon dadin”, defendatu du Agirregoitiak.
Horrek esan nahi du “arrantza babesteko etorkizuneko tresnek” baldintza ez horren zorrotzak ezarri beharko dituztela lehen arrantza ontzia erosteko, motorea berritzeko edo ordezkatzeko eta itsasontzietan tona-kopurua handitzea eskatuko duten berrikuntzak egiteko. “Potentzia handiagoa izateak ez du berez esan nahi arrantza-gaitasun handiagoa dagoenik. Gure arrantzaleek toki seguru eta egokiak behar dituzte beren lana egiteko”, baieztatu du “tona-kopuru sozialaren” ikuspegirantz egin behar dela azalduz. Berrikuntzari dagokionez, EAJ-PNVko eurodiputatuak uste du onarpen prozedura eraginkorrak behar direla, laguntzak emanez teknika berritzaile gehiago hedatzeko eta epe luzerako helburu politikoak argi izanez.