Europaren eguneko EAJ-PNVren adierazpena

Europaren eguneko EAJ-PNVren adierazpena 09Maiatzak
MaiatzaK 09 |
EBB

PARTEKATU

Gaur ez da edozein maiatzaren 9a. Europaren Eguna ospatzen dugu eta Schuman Adierazpenaren 75 urteak testuinguru bereziki nahasi batean ospatzen ditugu. Mundua aldatzen ari da, egoera politiko zein ekonomiko larria bizi dugu, botere-oreka eta bloke berriekin, dagoeneko Europako demokrazien berezko aliatutzat jo ezin daitezkeenak. Gogortu egiten diren gatazkak eta gerrak, gure ekonomia eta merkatuak ezegonkortzen ari diren tentsio geopolitikoak eta mundu mailan gero eta leku handiagoa hartzen ari diren lider autokratikoak.

Nazioarteko agertokiko tentsioa in crescendo doa. Etorkizuneko erronkak askotarikoak eta konplexuak dira, baina EAJ-PNVn argi daukagu gure gizartea indartzeko eta hobetzeko aukerak direla, horiei aurre egiten baldin badakigu. Eta hor egiten da erabakigarri Europaren lidergoa. Erreakzionatu egin behar dugu. Ekiteko ordua da. Robert Schuman beraren hitzetan, "Munduko bakea ezin da babestu mehatxatzen duten arriskuekin pareka daitezkeen sortzaileen ahaleginik gabe".

Egun honek aurrez aurre ditugun erronka globalei buruz hausnartzera gonbidatu behar gaitu eta alderdi europeista garen aldetik dugun zeregin aktiboa aldarrikatzera eta indartzera, etorkizun oparo eta baketsuaren aldeko apustua egiten baitugu, Europa batuagoa, inklusiboagoa, bidezkoagoa eta hurrengo belaunaldientzat hobea izan dadin.

Estatuek erakutsi dute ez direla nahikoak egungo erronkei, geoestrategikoei zein ekonomikoei, aurre egiteko. Beraz, balio demokratikoetan eta herrien onarpenean oinarritutako lidergo europarra soilik izango da gai ekonomiaren, energiaren, elikaduraren eta defentsaren esparruan behar dugun egonkortasun eta segurtasun esparrua eskaintzeko.

Gure herriaren etorkizuna datozen hamarkadetan jokatuko da, trantsizioan dagoen beste erakunde-esparru batean. Gure etorkizun politikoa, ekonomikoa eta gure ongizate-estatua esparru berri hori eraikitzeko eta etorkizuneko Europa horretan nazio gisa gure lekua aurkitzeko egin dezakegun ekarpenaren araberakoa izango da. Nortasuna onartu eta bere herrien aniztasunaren potentzial guztia aprobetxatuko duen Europa, egunen batean Argitasun Zuzentarau batez hornitzea gustatuko litzaigukena.

Gure 130 urteko historian, EAJ-PNVk bokazio europazalea eta Europarekiko koherentzia ideologiko handinahia bezain zorrotza erakutsi du. Horregatik, argi daukagu Europar Batasunak inoiz baino batasun handiagoa izan behar duela. Ziurgabetasun eta ezegonkortasun globaleko une hauetan, Europak eskubide, aniztasun eta balio partekatuen gune izaten jarraitu behar du. Lankidetzarekin, berrikuntzarekin eta konpromisoarekin, eta aldaketen beldurrik gabe, Europak egungo arazoak gainditu eta etorkizun oparoagoa eta bidezkoagoa eraiki dezake.

Populismoen eta Europaren aurkako indarren aurrean, EAJ-PNVk ahotsa altxatzen dugu Europa sendo, fidagarri eta irmo baten alde. Gaur inoiz baino gehiago, balio europeistek eta giza eskubideen errespetuak gure ekintza guztietan egon behar dute presente. Hori dela eta, EAJ-PNVk aurre egingo diegu eskubide eta askatasunetan atzera eginarazi nahi diguten mugimenduei, Euskadi oparoago eta askeago baten alde, Europako etorkizun bateratuan bere ahotsarekin parte har dezan.

 

Interesatu Zaitez