Aberrigintzaren bidean EAJren lidergoa aldarrikatu du Aitor Estebanek: “130 urte daramatzagu aurrera egiten, ekintza zehatzekin eta gurpiletan zotzak jarri gabe”

EBBren buruak eta Pradales Lehendakariak hitza hartu dute gaur, hurrenez hurren, Alderdia eta Eusko Jaurlaritza lideratzeko aukeratuak izan zirenez geroztik egokitu zaien lehen Aberri Egunaren kariaz, Bilboko Plaza Barria txiki utzi duten herritarren aurrean

Aberrigintzaren bidean EAJren lidergoa aldarrikatu du Aitor Estebanek: “130 urte daramatzagu aurrera egiten, ekintza zehatzekin eta gurpiletan zotzak jarri gabe” 20Apirilak
ApirilaK 20 |
EBB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

“Herri bat apurka-apurka eraikitzen da. Apurka-apurka eboluzionatzen da, eta batzuetan aldaketa nabarmenik gabe hobetzen da. Nork lortu du euskal hitzarmenak estatukoen gainetik nagusitzea? EAJk. Nork lortu du trenen kudeaketa, tituluak homologatzea edo Itsasertzaren eskuduntza EAEra ekartzea  eta trafikoa, berriz, Nafarroako Foru Komunitatearen ardurapean jartzea?. Eta Guardia Zibilaren ordez, portu eta aireportuetan Ertzaintza jartzea? EAJk. Nork lortu du euskal pilota selekzio nazionala nazioarteko txapelketa ofizialetan lehiatzea? EAJk. (...) Nork lortu du Ekonomia Ituna eguneratzea edo zorra malgutzea, ekonomia eta enplegua bultzatzeko tarte handiagoa lortuz? EAJk. Nork lortu du legeak Estatuko Aldizkari Ofizialean euskaraz argitaratzea, balio juridiko osoz, edo gure hizkuntza EAEko justizia-administrazioko lanpostu hutsen kupoan baldintza gisa ezartzea? EAJk. Loiolako kuarteletako lurrak edo Arrasateko kooperatibisten gizarte-aurreikuspeneko sistemaren biziraupena? EAJk. Beraz, ez diezagutela esan, nori eta guri, nazio anbizioa zer den. Alderdi honek nazio anbizioa egunez egun, urtez urte erakutsi du 40 urte luzetan,130 urtetan, aurrera eginez eta gurpiletan zotzak jarri gabe. Facta non verba”.

Horixe izan da Euzkadi Buru Batzarraren presidente Aitor Estebanek gaur, euripean eta “Euskadi gara, Mundialak gara!” goiburupean egin den Aberri Eguneko ospakizunean Bilboko Plaza Barria gainezka bete duten alderdikide eta alderdizaleei helarazi nahi izan dien mezua. Ekitaldi politikoan, Estebanekin batera, hitza hartu dute Imanol Pradales lehendakariak eta Olatz Urizar EGIkideak.

Martxoaren 30ean presidente aukeratua izan zelarik EBBren burutzan bizi izan duen lehen Aberri Egunean, Estebanek hiritargoa deitu du “euskal herritarrak garen aldetik Euskadi deitzen den Herri ederra dugula ospatzera, gure nortasunari tinko eusten diogula eta legatu hau gure alaba eta semeei uzteko asmoa dugula”.

“Poz eta itxaropenez betetako egun honen beste aldean”, EBBren buruaren hitzetan, inguruan dugun munduaren “iluntasuna” daukagu, eta Estebanek  gogora ekarri nahi izan du aurtengo Aberri Eguna ospatzeko jeltzaleek aukeratu duten goiburua. “Gaur, inoiz baino gehiago, munduan bizi gara, `Mundialak gara´(…), eta iraganean ere, Herri gisa, momentu arriskutsuak bizi behar izan ditugu, gaurkoak baino txarragoak eta, hala eta guztiz ere,  hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin. Ez izan zalantzarik”. “Horregatik ospatu behar dugu, New York, Oslo, Madril, Pekin, Gasteiz eta Baionan, bizirik gaudela, etorkizuna badugula eta prest gaudela gure nortasunari harrotasunez eusteko”, esan du.

Hain zuzen ere, Estebanek esker oneko hitzak izan ditu, beren sakrifizio eta lanarekin honaino ekarri gaituzten guztientzat “Hiru emakume eredugarri, berdintasunaren, abertzaletasunaren eta euskararen alde egin zuten borrokagatik”. Emakume hauek dira Teresa Azkue, Julene Urzelai eta  Sorne Unzueta, Utarsus. “Haiek ere ekarri gaituzte gauden momentu honetaraino; beraiek ere hainbat Aberri Egun ospatu zituzten, etxean eta kanpoan; mundialak izan ziren beren pasioan eta beren borondatean, eta egin zituzten esfortzuek gure nortasuna biziraun arazten lagundu dute. Eskerrik asko orduko emakume aitzindariei eta gaurko emakumeoi. Asko zor dizuegu”

Lehendakariak adierazi du Euskadik "aldebikotasuna bermatuko duen markoa segurtatu behar duela. Gaur ez dugun berme-sistema eraginkor batez ari naiz. Adostutako autogobernua higatu edo mugatuko duten aldebakarreko erabakiak eragotziko dituena. Hori da unibertsitate-tituluak homologatzeko eskumena bertan behera utzi duen Epaitegi Gorenaren erabakiarekin gertatu dena".

Eta gehitu du: "gertatutakoa oso larria da. Lehenengo aldiz, eskumenik ez duen auzitegi batek aldebiko itun politiko baten aurkako epaia eman du. Estatuan jarduten duten eta gure errealitate nazionala aitortu gabe jarraitzen duten botere eta interes ilunen tentazio zentralizatzailea da ikusten gaudena. Estatu jakobino eta zentralista baten ohiko kontzepzioaren emaitza da hau".

Amaitzeko, Pradalesek mezu argia bidali du: "Nazio bat gara. Ez dugu onartuko euskal autogobernuaren aurrerabidea eragoztea, ez eta Euskadi subordinatu bat egotea ere. Aurrez aurre izango gaituzue!”.

Gaurko ekitaldi politikoari hasiera emateko hitzak esan ditu gaur Olatz Urizar Arabako EGIkideak. Bere hitzetan, Urizarrek Herri gisa aurkezten zaizkigun erronketako batzuk aipatu ditu, hala nola “lurraren defentsa, borroka feminista, euskara, kultura eta gazteen etorkizuna bermatzea”. Horiei guztiei heltzeko, Urizarrek “konpromisoa” hartu beharra azpimarratu du. “Konpromisoa” gure Aberriarekin, gaur EGIren aldetik berresten duguna, gure nortasun abertzalearen alde borrokatzen jarraituko baitugu. Hauxe da gure garaia”, esan du.

Interesatu Zaitez