Arrasaten gertatu berri diren harrapaketen ondoren, udal talde jeltzaleak premiazkotzat jo du oinezkoen eta gidarien segurtasuna bermatuko duten neurri zehatzak aktibatzea.
Arrasateko EAJ-PNVk kezka handia agertu du azken asteetan izandako harrapaketen aurrean, bereziki duela gutxi gertatutakoen aurrean; izan ere, bi emakume harrapatu zituzten ibilgailuek. Horren aurrean, alderdi jeltzaleak salatu du Maider Morras alkatea buru duen EH Bildu eta Elkarrekin Arrasateren gobernu taldeak ez duela ezer egin, ia bi urteko legealdiaren ostean, "dagoeneko jarrita dauden trafikoko radarrak martxan jarri gabe eta bide-segurtasuna hobetzeko plan argirik aurkeztu gabe jarraitzen duelako".
Ander Garay udal taldeko bozeramaileak gogorarazi duenez, "duela urtebete baino gehiago eskatu genuen abiadura kontrolatzeko radarrak martxan jartzea gure udalerrian. Ez dira aktibatu, eta, gainera, ez da benetako neurririk hartu gure kale gehienetan ezarritako abiadura-mugak betetzen direla bermatzeko. Muga horiek 30 km/h-koak dira, baita 20 km/h-koak ere eremu askotan".
Gainera, jeltzaleek azterketa tekniko bat egitea eskatu dute, udalerriko beste gune estrategiko batzuetan radar kabina berriak jartzea aztertzeko. Ildo horretan, gogorarazi du Zerrajerako bizilagunek radar bat instalatzea eskatu dutela bertan, trafikoa lasaitzeko beste neurri batzuekin batera.
Alderdi nazionalistak salatu duenez, 2024an Frantziako Tourra udalerritik igaro ondoren, bide-segurtasunerako funtsezko elementuak — pibotak eta badenak, esaterako — erretiratu egin zituzten, eta gaur egun oraindik ez dira jarri. "Herritarrek denbora daramate neurri eraginkorren zain, baina aurkitzen duten gauza bakarra utzikeria eta kudeatzeko gaitasun falta kezkagarria da", azpimarratu du Garayk.
"Biziki kezkatzen gaitu, gaur egun, Udal Gobernu honek bide-segurtasunaren arloan epe laburrerako edo ertainerako planik ez izateak. Ez dago radar aktiborik, ez dira kendu diren elementuak birjarri, eta bi urtetan ez da jardun garrantzitsurik egin arlo horretan", adierazi du.
Horregatik guztiagatik, EAJ-PNVk gobernu-taldeari berehala jarduteko eta bide-segurtasuneko plan integral bat aurkezteko eskatzen dio, epe labur, ertain eta luzerako neurriak jasoko dituena. "Ezin dugu itxaron arriskuak handitzen diren bitartean. Erantzukizuna, herritarrekiko konpromisoa eta kudeaketa eraginkorra eskatzen ditugu. Arrasatearren segurtasuna ezin da baztertu ", esan du Garayk.