Atzo bertan Bizkaiko eta Arabako Batzar Nagusietan burutu ziren zergen berrikuspenei, epe laburrean Gipuzkoakoak jarraituko dielarik, Kongresuan Ekonomia Itunaren erreformari emaniko abala eta Lehendakariak industriarako iragarri dituen neurriak gehitu zaizkie gaur. “Euskadin etxerako lanak egiten ari gara”, ziurtatu du Aitor Estebanek
“Euskadin etxerako lanak egiten gara (Donald) Trumpen muga-zergek eragin duten ziurgabetasun ekonomikoari aurre egiteko. Alde batetik, gaur bertan Ekonomia Ituna berritu izana, oso garrantzitsua, eta bestetik, gaur bertan ere Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoa egin izana, esate baterako, erregimen komuneko Autonomia Erkidegoei zorrak barkatzeko orduan neutraltasuna bermatzeko. Eta ez hori bakarrik, guk, horrekin lotuta, etxerako lanak egin ditugulako eta atzo Bizkaian eta Araban eta laster Gipuzkoan, zergen berrikuspena onetsi zutelako, gure industria sarea eta gure gizartea hemendik aurrera eman beharko dugun urratserako prestatzeko, eta hori Estatu mailan, gaur egun, ezinezkoa da”. Hala laburbildu du Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak Euskadik egun bizi duen egoera “konplikatua”. Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, Estebanek era berean aipatu ditu atzo bertan Lehendakariak industriarako iragarri zituen neurriak eta txalotu du, beraz, askotariko tresna ekonomiko, finantzario eta fiskalak onartu izana. “Hori dena balioetsi egin beharra dago”, esan du.
Hain zuzuen ere, Diputatuen Kongresua izan da EAEko erakundeetan EAJk duen lidergoaren lekuko. Kongresuak Ekonomia Itunaren berrikuntza onetsitakoan, Aitor Esteban EBBren presidente; Maribel Vaquero Euskal Taldearen bozeramaile; Bizkaia eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe eta Eider Mendoza; Arabako ahaldun nagusi Ramiro González; Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburu Noël d'Anjou; Itxaso Berrojalbiz, Itziar Gonzalo de Zuazo eta Itziar Agirre, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako foru Ogasun diputatuak; Iñaki Alonso Ogasun sailburuorde; eta Kongresuko gainerako diputatuak eta Maria Dolores Etxano senataria hedabide grafikoen aurrean agertu dira.
Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako lurralde historikoetako zerga berrikuspenez galdetu diotenean Estebanek ziurtatu duenez “EAJ-PNVk aurkeztuko lukeen proposamen zehatza izan barik, eta parlamentuko mutur bakoitzetik egin diren kritikak ikusita, argi dago erdian kokatuta dagoela”. Aldarazpen garrantzitsu honek zerga marko berriztatu eta harmonizatua emango die Lurralde Historikoei, errenta baxuenei babesa emanez eta segurtasuna emanez errenta ertainen bizitza proiektuei, aldi berean hobekuntzak eginez gizartearen hainbat arazo konpontzeko, hala nola etxebizitza eskuratzea, gazteentzat eta alokairu erregimenean bereziki; adingabeak eta mendekotasun egoeran dauden pertsonen zainketarekin kontziliatzea babestea; langile autonomoentzako babesa; benetako genero berdintasuna, emakumeen ekintzailetza sustatuz; edo trantsizio berdeari bultzada ematea klimaren krisi egoeran. Hori dena, zerga berrikuspen honen helburu nagusiena ahaztu gabe, hau da, inbertsioa eta industria sarearen lehiakortasuna sustatzea, onurak ekarriko baitituzte enplegurako eta euskal herritarron bizi kalitatean.