Talde jeltzaleak datorren larunbatean, hilak 29, datozen lau urteotan bere jarduketa politikoa gidatuko duten bost txostenak onartzeko lanari helduko dio. Igandean, berriz, martxoak 30, Euzkadi Buru Batzar berria aukeratzeko lana egokituko zaio
“Alderdia gara, alderdikide guztiok; harro egoteko moduko gauza delako Euskadi dagoen lekura ekarri duen Alderdiko kide izatea; harro baino harroago gaudelako gure ibilbideaz, gure ordezkariez, gure alderdikideez eta gure militantziaz; eta Euskadi askatasun, bake, oparotasun eta justizia soziala izango dugun etorkizunera eramateko behar diren ilusioa, indarra eta batasuna ditugulako, beti izan dugun moduan”. Hitz hauek esanda azaldu du Mireia Zarate Euzkadi Buru Batzarraren Idazkariak, EAJ-PNVk bere IX. Batzar Nagusirako aukeratu duen goiburua. Ehun urteko ibilbidea egin duen talde jeltzaleak lau urterik behin egiten duen topaketa nagusi hau datorren asteburuan egingo da Donostian, Atano III pilotalekuan. Elkarretaratze nagusi honetara helduko da EAJ-PNV “herri honetako lider politikoa izanik, eta hurrengo ziklo politikoan lidergo horri eusten jarraitzeko borondate argiarekin. Horretarako, gure ideario politikoa eguneratuko dugu, datozen urteotarako ibilbide orria izango dena. Ezinbesteko tresna izango da guretzat, Euskadi eta estatuko panorama politikoan etorriko zaizkigun urte biziei arrakastaz heltzeko. Datorren asteburuan ere, gure Euzkadi Buru Batzarra berrituko dugu. Lehenengo ideiak, beraz; ondoren, pertsonak”, ziurtatu du Zaratek gaur goizean Sabin Etxean IX. Batzar Nagusiaren xehetasunak azaltzeko eta prentsakoen aurrean aurkezpen orokorra egiteko egin den ekitaldian, ondoan izan duela EAJ-PNVren Aberri Batzarraren Mahaiko buru Arantza Kortabitarte.
Zaratek azaldu du Atano III pilotalekuak baldintza emozional, politiko, kultural eta logistiko guztiak betetzen dituela jeltzaleen topaketa nagusia bertan egiteko “pilotaleku bat, berez, sinbolismoz betetako toki bat da kasu honetan. Gogoratu dezagun euskal pilota selekzioa laster ofiziala izango dela eta, jakina, alderdi hau izan dela ofizialtasun hori lortzeko lan handia egin duena, ahalegin erabakigarria, izan ere”, aldarrikatu du, eta jarraian gogora ekarri du Euskadiren imaginario kolektibo eta politikoan ere Atano IIIa oso toki esanguratsua baduela. “Hementxe bertan, bertsolarien final gogoangarriak egin dira, bai eta pilotako final handiak ere. Alderdi politikotik ere, hemen, 1970. urtean, Joseba Elosegi gudari eta jeltzaleak Francisco Franco bertan zegoela aprobetxatu zuen bere buruari su emateko eta diktadorea berarekin erretzen saiatzeko. Elosegik erredura larriekin, 17 egun egon zen koman, atxilotu egin zuten eta espetxeratuta egon zen 1973. urtera arte. Garai hartako Anoeta pilotalekuan, 1976ko ekainaren 13an, EAJ-PNVren historia modernoan mugarri garrantzitsua izan den gertakaria eman zen. Egun hartan, Xabier Arzalluzek bere lehen diskurtso jendetsua eman zuen, frankismoaren ostean baimendu zen lehen ekitaldi politikoan”, azaldu du.
Antolaketa kontuei dagokienez, Zaratek azaldu du EAJ-PNVren IX, Batzar Nagusia 10:00etan hasiko dela larunbatean, martxoak 29, hurrengo EBBren jarduketa politikoaren ardatza izango diren bost txostenei aurkeztu zaizkien zuzenketak eta agirien behin betiko testuak onetsiko direla ('Euskadi, nazio Europan'; 'Aberri oparoa eraikitzea askeago izateko'; 'Mundu hobe, jasangarri eta baketsu batera irekia den nazioa'; 'Bere herriaren zerbitzura dagoen alderdia'; eta 'Erakunde demokratiko bat'), eta batzarrera eramango diren ebazpen proposamenak eztabaidatu eta onetsi eta jakinarazpenak irakurriko direla. Igandean, hilak 30, Batzar Nagusiak bere zereginekin jarraituko du 10:30ean, eta hainbat aukeraketa egitea egokituko zaio orduan: Aberri Batzarreko ordezkari berriak eta EBBren presidente eta burukide berriak 2025-2029 epealdirako. 11.30etan, berriz , Atano III pilotalekuko ateak irekiko dira herritarrak Euzkadi Buru Batzarraren buru berriaren aldarrikapen ekitaldiaren eta karguan emango duen lehen diskurtsoaren lekuko izan daitezen. Agur esateko hitzak ere esango ditu kargua utziko duen orain arteko EBBren buruak ere.
Amaitzeko, Zaratek alderdikide jeltzaleak deitu ditu “igandean Atano IIIko eserleku guztiak betetzera. Igandean, Herri honi esango diogu 'Alderdia garela', daukagun onena ematen jarraitzeko prest gaudela, Euskadi denon artean eraman dezagun bake, askatasun eta oparotasun mailarik gorenera”.