EAJ-PNVko eurodiputatua gaur Parisen izan da Europako liberalen familiako ehun bat eurodiputaturekin egin den hausnarketa-jardunaldi batean
EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak gaur, astelehenarekin, Parisen Demokraziaren eta Askatasunen alde egin den Gailurrean aldarrikatu du aliantza sendo eta batua bultzatzeko beharra, bai eta bazkide berriak bilatzeko lana areagotzekoa, gure europar baloreekin bat egingo dutenak, Europak gaur egun dituen mehatxuei eman ahal zaien erantzun gisa.
Renaissance eta Renew Europe talde politikoek Europako Liberal eta Demokraten Aliantzarekin (ALDE) eta EAJ-PNV alderdia kide duen Europako Alderdi Demokratarekin (Democrats) batera egin den jardunaldia inauguratu du Frantziako lehen ministro Françóis Bayrouk, bideokonferentzia bidez parte hartu baitu. Halaber, bertan izan dira Europako Batzordeko presidenteorde , Stéphane Sejourné ,Frantziako europar gaietarako ministro Benjamin Haddad, Renew Europe taldeko presidente andre Valerie Hayer, eta Demokrats taldearen idazkari nagusi Sandro Gozi, Europar Batasun osoko ehun bat ordezkari politikorekin batera.
Parisen Nazioarteko Unibertsitate Hirian egin den konferentzian, lau gai jorratu dira: Ukrainari laguntzeko moduak eta duela hiru urte luze Errusiak hasi zuen gerraren ondorioak, Europako segurtasuna eta defentsa areagotu beharra, nazioarteko harremanak maila globalean nola bultzatu eta populismo eta autoritarismoen gorakadaren aurrean balore demokratikoekin bat egingo duten kideak bilatzeko bidea nola egin beharko litzatekeen.
Hitza hartzeko izan duen tartean, Agirregoitiak nabarmendu nahi izan du nazioarteko harremanak sustatu beharra dagoela sistema multilaterala presio pean dagoen une batean, batetik Ukrainako gerra piztu zenetik eta Gazako gatazkagatik eta, bestetik, AEBko presidente Donald Trumpen erabakiek eragin duten guztiarekin. “Aniztasun politikoak eramaten gaitu gauzak beste era batera ikustera, baina gaur hemen batu izanak diferentzia markatzen du dagoeneko, erronkei heltzeko orduan dugun jarreraz”, esan du euskal eurodiputatuak sistema multilateralaren funtsezko elementua aldarrikatuz: “desadostasunak gainditzea, adostasunak bilatzea eta elkarren eskutik aurrera egitea”.
Halaber, eurodiputatu jeltzaleak muzin egin dio indartsuenaren legea inposatzeko agerian geratu den borondateari. “Eta ez bakarrik indartsuak ez garelako, baizik eta demokraziaren eta justizia sozialaren baloreen kontra doalako. Multilateralitatean eta diplomazian sinesten dugu, industrian, merkataritzan, segurtasunean edo giza eskubideen alorrean mahai gainean ditugun erronkei heltzeko tresna estrategiko gisa. Gauzak dauden moduan ezein alderdik, ezein lurraldek ,estatuk edo naziok ezin dio bakarrik erantzun”, gaineratu du, aliatu berriak bilatu beharra dagoela defendatuz, dela Latinoamerikan, Kanada, Asia edo Afrikan, gure industria eta gure merkataritza bultzatzeko. “Hegoalde globala izenez deitzen dugunari begiratu behar diogu. Mundu globalean bizi garenez, erantzunak ere globala behar du izan”, esan du.
Azkenik proposatu du “elkarrengana hurbiltzea eta Trumpek gaizki tratatzen dituen guztiak zaintzea”, “inor baztertuko ez duten “ aliantza politikekin jarraitzea eta presio diplomatikoa gorenean eustea, Europar Batasunak lidergo sendoa izan dezan nazioarteko erakundeetan. “Denok batera ekin behar diogu, norabide berean, eta argi izan une honetan gurekin bat egin nahi ez dutenak zein diren, aurrera egitea eragotzi ez diezaguten”, gaineratu du, “egiten duguna eta zertarako egiten dugun” azaldu beharra aldarrikatuz.