Estebanek Sánchezi adierazi dio AEBren biraketak ekarri duen "mundu ordena berriaren" aurrean Europak "birposizionatu" eta "sendotu" beharra duela

Euskal Taldearen bozeramailea Moncloan batzartu da Espainiako Gobernuko presidentearekin: "EBk bere posizioak sendotu behar ditu segurtasun, industria eta merkataritzan, bai eta giza eskubideen printzipioetan oinarritzen diren baloreak eta Europa Soziala defendatu ere, beste herrialde demokratikoetatik bereizten gaituztelako”

Estebanek Sánchezi adierazi dio AEBren biraketak ekarri duen 13Martxoak
MartxoaK 13 |
Kongresua
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Aitor Esteban, Kongresuko Euskal Taldeko bozeramailea, gaur arratsaldean batzartu da Moncloan Pedro Sánchezekin, Espainiako Gobernuko presidentearekin, berrogei minutuko tarte batez, eta bertan adierazi dio Europak “birposizionatu” eta “sendotu” beharra duela AEBren biraketak ekarri duen “mundu ordena berriaren” aurrean. Bozeramaile jeltzaleak hedabideei erantzun die Moncloan bilera amaitutakoan eman den prentsaurrekoan, eta bertan ziurtatu duenez “Europar Batasunak bere posizioak indartu behar ditu segurtasun, industria eta merkataritzan, eta  giza eskubideen printzipioetan eta Europa Sozialean oinarritzen diren baloreak defendatu, horiek baitira beste herrialde demokratikoengatik bereizten gaituztenak”.

Amerikako Estatu Batuei buruz, Estebanek adierazi duenez “mundu guztiak argi dauka honezkero herrialde horrek biraketa egin duela geoestrategikoki defendatu omen zuen posizioari dagokionez, aliantzak hautsiz eta hiru botere handi dituen mundua agertaraziz, horien artean bi, Txina eta Errusia, oso demokratikoak ez direnak”. “Mundu ordena berri bat da iragartzen ari direna”, nabarmendu du.

“Europar Batasunak garrantzitsu izan nahi badu, posizio autonomoa izan behar du, maila ekonomiko eta industrial jakin batetara iristeko aukera emango diona. Europar Batasunak lehenagotik izan behar zuen lan hori eginda, baina une honetan guztiz saihestezina da”, azpimarratu du. Segurtasun gastua handitzeaz, Euskal Taldeko bozeramaileak azpimarratu duenez “egin beharko da gauzak argi izanik eta Europan inbertituz. Hau da, Europako Segurtasun Plan baten barruan inbertituz. Europa gehiago izango dugu, esparru politikoan ere”, azaldu du.

Azkenik, "muga-zergen gerrari" dagokionez, Estebanek adierazi du "Trum Administrazioaren aldetik erakutsi den oldarkeriari erantzuna eman behar zaio. Europatik erantzun behar da koherentziaz eta batasunez, alderdi komertzialetik ere”, amaitu du.

 

Interesatu Zaitez