Jone Berriozabal: "Proposatu den zerga-berrikuspenak milioi bat euskal herritar baino gehiagori egingo lioke mesede "

Araba Buru Batzarraren presidenteak AHTren trazaduraren definizioaz ere hitz egin du, "Lurralde bakoitzaren lehentasunetatik haratago, Herri erabakia delako"

Jone Berriozabal: 12Martxoak
MartxoaK 12 |
ABB
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Araba Buru Batzarraren presidenta "baikor" agertu da EAJ-PNVk eta PSEk proposatu duten zerga-berrikuspena onartua izateko aukerari dagokionez. Radio Vitorian egin dioten elkarrizketan, Arabako jeltzaleen buruak adierazi duenez, "denbora dago oraindik prozesua hiru lurraldeetako Batzar Nagusietan amaitu arte. Baikorra izan nahi dut, milioi bat euskal herritar baino gehiagori mesede egingo liokeen zerga-berrikuspenaz ari baikara. Esan nahi dugu urtean 20.000 €-tik beherako errentak dituzten 342.000 pertsonak jasoko luketela zerga-berrikuspen horren onura. Zerga-berrikuspen horrek  langile autonomo  gisa ari diren 76.000 pertsonari baino gehiagori egingo lieke mesede. Eta zer esan etxebizitza bat eskuratu nahi duten gazteez, zerga-berrikuspen horrek 1.200 eta 3.700 € artean lagunduko lieke urtero. Pertsona asko kaltetuko dira oposizioko taldeek akordio batera iristeari uko egiten badiote". 

Jone Berriozabalek adierazi du "ateak irekita" daudela oraindik "Podemosekin eta beste alderdi politiko batzuekin" negoziatzeko. Hala ere, Berriozabalek gogorarazi duenez, "EHBilduk osoko zuzenketa aurkeztu zuen, eta horrek agerian uzten du akordio batera iristeko interes falta, eta PPk zuzenketa batzuk aurkeztu zituen, zerga-bilketaren jaitsiera handia zekartenak, zergak nori jaisten zitzaizkion eta zertarako planteatu gabe". "Zerga-bilketa ez da, berez, zerga-berrikuspenaren amaiera, baina diru-bilketarik gabe ere ezin diegu zerbitzu publikoei aurre egin. PPk zerga-bilketa nabarmen jaistea proposatu zuen, eta EHBilduk, berriz, nabarmen igotzea. Gaur arte Podemosekin aurrera egin ahal izan dugu, baina horrek ez du esan nahi gainerako alderdi politikoekin aurrera egiteko prest ez gaudenik ", adierazi du.

Arabako  presidente jeltzaleak AHTren trazaduraren definizioaz ere hitz egin du, "lurralde-lehentasunetatik haratago, Herriaren beraren erabakia delako". "Abertzalea naiz eta euskal lurraldeen arteko elkarlanean  sinesten dut, bai eta azpiegiturak euskal herritar guztientzat errentagarrien aterako  den lurraldean jartzeko aukeran ere. Garrantzitsua da logistikaren aldeko apustu garbia egitea, Europarekin eta Arabarekin dugun loturaren alde, alegia. Berriozabalentzat "Araba estrategikoa da logistikarekin zerikusia duen guztian, Atlantikoko, Kantauriko eta Mediterraneoko ardatzak lotu baitaitezke. Gainera, Arabako lurraldea da logistikaren arloan aurrera egiteko eta berritzeko lurzorua duena. Eta horrek Arabari ez ezik, mesede egingo lieke gainerako euskal lurraldeei. Arabaren benetako aukeretan sinesten dut, baina erabakia hartuko da irizpide teknikoetan oinarrituta eta Herri ikuspegia aintzat hartuta".

Nolanahi ere, ABBko presidenteak "azkartasuna" eskatu dio Espainiako gobernuari behin betiko erabakia hartzeko orduan, "ezin baita  gehiago atzeratu". "Espainiako Estatuko hainbat gobernuk aspaldi heldu behar zioten Euskadiri abiadura handiko trena eskaintzeko errealitateari, hainbat hamarkadatan beste autonomia-erkidego batzuekin egin duten bezala. Premiatu behar diegu lehenbailehen jakiteko Espainiako gobernuak mahai gainean dituen azterlanen edukia zein den, zein diren erabaki bat hartzerakoan kontuan hartzen ari den adierazleak eta, hortik aurrera, kronograma argi bat jarraitu, mugarri zehatzekin, eta lanean hasi" adierazi du.

 

Interesatu Zaitez