Ildo beretik, EAJ-PNVko eurodiputatuak galdera sorta bat aurkeztu dio Europar batzordeari hirugarren herrialdeen aldetik praktika desleialak saihesteko eta inportazioek CO2 isurien murrizketa erreala islatzen dutela bermatzeko aurreikusitako neurriei buruz
11Otsailak EAJ-PNVko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak gaur, asteartearekin, deitoratu egin du Donald Trumpek Europar Batasunetik ateratzen den altzairu eta aluminioari %25eko muga-zerga ezartzea erabaki izana, eta Europar Batasunari eskatu dio bere esku dauden baliabide guztiak erabil ditzala sektore estrategiko hau babesteko beharko den erantzun “irmoa” emateko sektore estrategiko hau babesteko, ezinbestekoa baita Europako industriarako eta bere lehiakortasuna indartzeko.
“Legez kanpoko zerga-muga bidegabe hauek ezin dira inola ere justifikatu Merkataritzaren Munduko Erakundearen araudiaren arabera. Atlantikoaren alde bietako enpresak, langile eta kontsumitzaileak galtzaile aterako dira gerra komertzial batek denok txirotuko gaituelako. Beraz, Europar Batasunak erantzuna eman behar du, irmo egin ere. Donald Trumpek lasai asko izenpetu du agindua eta guk ere berdin jokatu behar dugu eta bere mehatxu eta erasoei erantzun behar diegu behar besteko neurriak hartuz eta aliatu fidagarriagoak bilatuz”, adierazi du Agirregoitiak.
Hain zuzen ere, euskal eurodiputatuak galdera sorta bat erregistratu du, Europar Batzordeari zuzenduta, altzairu sektorearen eta hirugarren herrialdeen aurrean izan dezaketen lehiakortasunaz. “Europako siderurgiak gaur egun mundu mailako liderra da deskarbonizazio ekimenetan. Sektorea giltza ere bada EBren aurrerabide, erresilentzia eta autonomia estrategikorako. Hala ere, gero eta presio handiagoari egin behar dio aurre, estatuek finantzatutako gehiegizko ahalmen globalaren ondorioz, EBko merkatua prezio baxuko produktuekin betez", azaldu du euskal eurodiputatuak.
Horri gehitu behar zaizkio energiaren eta karbonoaren prezio altuak “karbono gutxiko energiaren hornikuntzaren inguruan egun dagoen ziurgabetasunari lotuta, eraldaketa berdea mehatxatzen baitute”. Eta, batez ere, kontuan hartu behar dira esportatzaileek Europako araudia betetzeko erabiltzen dituzten taktikak (resource shuffling), guztizko CO2 isurketak beren aldetik murriztu gabe. "Resource shuffling izeneko horrek aukera ematen du esportatzaileek karbono-aztarna txikiagoa duten produktuak EBra desbideratzeko, beste merkatu batzuetan produktu are kutsagarriagoak saltzen jarraitzen duten bitartean, emisio globalen benetako murrizketarik egin gabe. Agirregoitiaren ustez, arrisku hori Karbono Bidezko Muga Doitzeko Mekanismoa (CBAM) bezalako mekanismoetan aztertu behar du Batzordeak.
Eurodiputatu jeltzaleak bi gairen inguruan iritzia emateko eskatu dio Europako Gobernuari. Lehenik eta behin, 2025eko apirilaren 1a baino lehen EBko altzairu-merkatuaren egungo egoera islatzeko babes-neurriak nola aldatu edo egokitu nahi dituen. Bigarren galderaren bidez jakin nahi du zer tresna dituen inportazioek jatorrizko herrialdeetan benetako emisio-murrizketak islatzen dituztela bermatzeko.