Osatuta Santurtzi eta La Arenako bidegorriaren arteko bizikletentzako ibilbidea

Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Karmele Tubilla Santurtziko alkateak konexio horren hirugarren zatia inauguratu dute, zeina urrats garrantzitsua baita Ezkerraldeko, Meatzaldeko eta Enkarterriko bizikleta-bideen sarean

Osatuta Santurtzi eta La Arenako bidegorriaren arteko bizikletentzako ibilbidea 05Otsailak
OtsailaK 05 |
Santurtzi

PARTEKATU

Bizikleta eguneroko garraiobide bihurtuz mugikortasun jasangarria sustatzea Foru Aldundia 2023-2025 aldirako Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialaren bitartez sustatzen ari den konpromisoetako bat da. Azpiegituretarako eta Lurralde Garapeneko Foru Sailak 56 milioi euro inbertituko ditu aurten mugikortasun jasangarriko azpiegiturak bultzatzeko eta garatzeko, hala nola itsasadarreko bulebarra eta All Iron zubia edo Erletxeko bi bizikleta-bideak.

Hain zuzen ere, Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak eta Santurtziko alkate Karmele Tubillak Santurtzi eta La Arenako bidegorriaren Sanfuentes auzoko tartea (Abanto Zierbena) lotzen dituen bizikletentzako ibilbidearen hirugarren eta azken zatia inauguratu dute gaur goizean Mamarigan. Trazadura berriak 1,09 kilometro ditu, eta 2,7 milioi euroko foru-inbertsioa izan du. Noranzko biko bizikleta-bidezidor bat da, bizikleta-zirkulaziorako eta oinezkoen zirkulaziorako espazio bereiziak dituena, biak kolore desberdinez mugatuta.

Halaber, urrats garrantzitsua da Lurralde Planeko 4. lineako jarduketetan, izan ere, linea horrek Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri lotzen ditu 86 kilometroko ibilbide oso batean, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi, Zierbena, Muskiz, Trapagaran, Ortuella, Abanto-Zierbena, Galdames, Sopuerta, Güeñes eta Balmasedan zehar.

2023-2035 aldirako Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektorialak 365 kilometroko bizikleta-bideen sarea aurreikusten du Bizkaian, eta horietatik 132,2 foru-titulartasunekoak dira. Gaur egun, dagoeneko 47,2 kilometro egin dira, eta beste 10,9 kilometro eraikitzeko lanetan ari dira, besteak beste, lehen aipatutako All Iron (0,5), Bolueta-Etxebarri-Basauri (1,5), Erletxeta-Larrabetzu (3,4) eta Erletxeta-Boroa (5,4).

Plana 2019an formulatu zenetik, Bizkaiko Foru Aldundiak 22,5 milioi euro inbertitu ditu, eta, horri esker, bizikleta-bide berrien 19 kilometro baino gehiago egin ahal izan dira (11,8 foru-titulartasunekoak eta 7,6 udal-titulartasunekoak).

2035era arteko plangintzan, 182,9 kilometro bizikleta-ibilbide egiteko proiektuak jasotzen dira; horietatik, 74,2 aldundiarenak izango dira, eta 108,7 udalenak. Jarduketa horietarako foru-inbertsioa 219,4 milioi eurotik gorakoa izango dela aurreikusten da.

Mugikortasun iraunkorra

"Aldundiaren eta udalerrien arteko lankidetza lurralde moduan daukagun balio handietako bat da, eta Bizkaian bizikleta bidezko mugikortasunaren bultzada homogeneoa lortzeko motibazio nagusia da", esan du Elixabete Etxanobe Ahaldun Nagusiak, zeinak bi gurpilen gaineko zirkulaziorako azpiegitura egokiak sortzeko ahalegina eta konpromisoa nabarmendu baititu. "Ibilgailu motordunen ibilbideen ordezko ibilbide bat sortuko da, hiri-mugikortasun jasangarrirako eta aisialdirako alternatiba bat izango dena", azaldu du.

Elixabete Etxanoberen iritziz, "klima-aldaketaren aurkako erabaki politikoak hartzeko premia nabarmena dago". "Gure mugikortasunarekin arduraz jokatu behar dugu, eta eredu jasangarriagoetara jo. Eta ildo horretan ari gara Bizkaiko Lurraldeko Bizikleta Bideen Plan Sektoriala ezartzen. Bizikleta da CO2 emisioak murrizteko ibilgailurik eraginkorrena, badakigu, eta haren aldeko apustua egiten ari gara", amaitu du.

Karmele Tubilla Santurtziko alkateak horren harira azaldu duenez "bidegorri berri honen inaugurazioa santurtziarrentzat mugikortasun iraunkorragoa eta irisgarriagoa sustatzeko gure konpromisoaren beste urrats bat da. Gaur, zati berri bat gehitu diogu gure bidegorri sareari, eta, horri esker, Santurtzi gero eta hobeto konektatuta dago motordun ibilgailuen ordezko garraiobide baten bidez. Zalantzarik gabe, bizikleta eguneroko garraiorako zein aisialdirako erabiltzearen alde egitea, gure herriarentzako etorkizun garbiago eta osasuntsuago baten alde egitea da, eta horrelako proiektuekin zentzu horretan aurrera egiten jarraitzen dugula esan dezakegu".

Gaur inauguratutako ibilbide berria Mamarigako Vallejo kalean hasten da, eta N-644 errepidean zehar doa da El Villar auzoraino, udal-egoitzaren ingururaino. Puntu horretan, dagoeneko gauzatutako eta 2020an zerbitzuan jarritako bi faseekin lotzen da. Zati horretan, berrikuntza bat dago; hain zuzen ere, hiru tarteko egitura garai bat gehitu da, 72 metrokoa, drainatze-ubideek zeharkatzen duten behegune bat zeharkatzeko. Gainera, zazpi euste-horma eraiki dira; guztira, 422 metroko luzera dute eta 5 metrora arteko altuera.

ITURRIA: BFA

Interesatu Zaitez