Imanol Pradales Lehendakaria Bilboko Portuan izan da gaur, gaurtik aurrera Euskadiko portuetan jardungo duen Ertzaintzari babesa adierazteko. Horrela, Ertzaintzak zabaldu egingo du bere hedapena Euskal Autonomia Erkidego osoan, eta bere gain hartuko du Euskadiko portu guztietako prebentzio-lana eta segurtasun-zerbitzua
Lehendakariarekin batera izan dira Bingen Zupiria Segurtasuneko sailburua, Ricardo Ituarte Segurtasuneko sailburuordea, Victoria Landa Ertzaintzaren zuzendaria eta Josu Bujanda Ertzaintzaren burua, Ertzaintzako beste hainbat agintarirekin batera. Era berean, ekitaldian izan dira, beste hainbat agintariren artean, Ricardo Barkala eta Joakin Telleria Bilboko eta Pasaiako Portu Agintaritzetako presidenteak, Karmele Tubilla Santurtziko alkatea eta Eugenio Mendikote Zierbenako alkatea.
Bere hitzaldian, trantsizio "ordenatu eta eredugarria" gertatzea espero duela adierazi du Lehendakariak. Era berean, Ertzaintza euskal gizartearen ongizatearen eta segurtasunaren alde lan egin behar den eremuetan egotea aldarrikatu du, hala nola Schengen eremuan polizia integral gisa parte hartzea.
Era berean, Imanol Pradalesek uste duenez, "gaur aurrerapauso bat ematen ari gara” euskal autogobernuaren garapenean, eta, ildo horretan, Euskadik XXI. mendean "esparru berri bat" behar duela aldarrikatu du. Azkenik, portuan lan egingo duten ertzainei adierazi dienez, "badakigu ez duzuela huts egingo. Badakigu behar zaituztegunean beti hor izango zaituztegula. Harro gaude gure poliziaz, eta ozen esaten dugu. Nire eta Gobernu osoaren babesa izaten jarraituko duzue", gaineratu du.
Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak 2024ko uztailean adostu zuten, Euskadiko Segurtasun Batzordean, segurtasunaren arloko gaietan bi administrazioen arteko alde biko koordinazio-organo gorenean, Euskadiko portu eta aireportuetako eskumenak zehaztea. Horrela, Ertzaintzaren polizia-lanak gaurtik aurrera Euskadiko portuetara hedatuko dira, ur-lamina barne dela. Gainera, Ertzaintzak bere gain hartuko du Bilboko Portuko, portuko bertako eta bertako eremu mugatuko, azpiegitura kritikoetan laguntza operatiboa emateko planen polizia-erantzukizuna.
Gernikako Estatutuaren 17.1 artikuluan ezartzen da Ertzaintzari dagokiola “pertsonak eta ondasunak babestea eta lurralde autonomoaren barruan ordena publikoa gordetzea”, eta gaurtik aurrera, beraz, eginkizun horiek polizia integral gisa Euskadiko portuetan ere gauzatuko ditu. Hauek izango dira Ertzaintzaren eginkizunak portuetan:
Ertzaintzak Herritarren Arretarako Bulego bana izango ditu Bilboko eta Pasaiako Portuetan. Lehenengoa Santurtzitik porturako sarreran egongo da, eta jendeari eta portuan jarduten duten erakundeei emango die zerbitzua. Gainera, ontzientzat atrakalekuak izango ditu. Pasaiako Portuko Herritarren Arretarako Bulegoa portuko Kontsignatarioak izeneko eraikinean egongo da. Muskizeko Ertzain-etxeko agenteek emango dute zerbitzua Bilboko Portuan, eta Errenteriako Ertzain-etxekoek Pasaiako Portuan. Horretarako, bi lantaldeak agente gehiagorekin indartu dira (20 Muskizen, hilabete barru 30 izango dira, eta 6 Pasaian, epe berean 12 izango dira). Gainera, bi portuetan Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteak izango dira, eta horiek ere 11 agente gehiago izango dituzte etorkizun hurbilean. Ertzaintzak gainerako baliabide operatiboen estaldura gehigarria ere izango du Euskadiko portuetako beharren eskura.
Iturria: IREKIA