CEUS koalizioko eurodiputatua Kanarietako presidentearekin batzartu da gaur arratsaldean Estrasburgon
21Urtarrilak EAJ-PNVko eta aldi berean CEUS koalizioko eurodiputatu Oihane Agirregoitiak gaur, asteartearekin, Fernando Clavijo Kanarietako presidenteari adierazi dio Brusela eta Estrasbrurgotik lanean jarraitzeko konpromisoa duela Kanariar artxipelagoan migratzaileekin bizi duten krisiari eta, ondorioz, lagunik gabe etorritako adingabeekin daukaten egoerari konponbidea emateko. “Ez da egokia Kanariar uharteek drama itzel honi bakarrik aurre egin behar izatea. Lehen bait lehen ezagutu behar dugu Espainiako gobernuak asilo eta immigrazioari buruzko ituna abian jartzeko planaren edukia, bai eta adingabeen inguruan zer planteamendu egiten duen ere”, gogoratu du Agirregoitiak.
Clavijo Europako Parlamentuan izan da bisita ofizialean, gaur bertan egokitu baitzaio hitza hartzea erregio ultraperiferikoetako presidenteen konferentzian, eta euskal eurodiputatuari azaldu dizkio bere tutoretzapean diren 5.812 adingabeak artatzeko orduan dituen arazoak. Ildo beretik esan dio ezinbestekoa dela migratzaileen banaketa bidezko eta solidarioa egitea eta iaz asilo eta gogoratu dio immigrazioari buruz adostu zen itunak arazo honi erantzunik ematen ez diola, adingabeentzat inolako tratamendu partikularrik aurreikusten ez duelako.
Bilera berean izan da Raquel García Hermida-van der Walle Holandako eurodiputatu eta Renew Europe taldeko kidea. Ordezkariek bileran aztertu dituzte Europako finantzaketa jasotzeko bideak, eta nabarmendu dute ezinbestekoa dela autonomia erkidegoek Europako funtsak jaso ahal izatea, haiek baitira herritarrekin harreman zuzena dutenak eta tokian tokiko egoera ezagutzen dutenak “hurbiltasuna eta egoeraz duten ezagutza” kontuan harturik, Agirregoitiaren esanetan.
Bilera berean landu dute mugak eta kostak zaintzeko ardura duen europar agentziak (Frontex) Afrikako kostan egin dezakeen lana, zeinaren presentzia Espainiako gobernuak oraindik eskatu ez baitu, eta nabarmendu dute Saharaz hegoaldeko herrialdeen lankidetza behar dela, bereziki Mauritaniarena.