Euskal arrantza sektorearekin bat eginik, haren kezka nagusiak Bruselan defendatzeko konpromisoa adierazi du EAJ-PNVk

Oihane Agirregoitia eurodiputatu jeltzalea gaur, ostiralarekin, Bermeon batzartu da arrantzaleekin, armadoreekin, kontserba-enpresetako ordezkariekin eta atunontzietako ordezkariekin, eta Senegalen amarratuta jarraitzen duten ontzien egoeraren berri eman die

Euskal arrantza sektorearekin bat eginik, haren kezka nagusiak Bruselan defendatzeko konpromisoa adierazi du EAJ-PNVk 17Urtarrilak
UrtarrilaK 17 |
Europako Legebiltzarra
IKUSI BIDEOA

PARTEKATU

Oihane Agirregoitia eurodiputatuak gaur bertan aditzera eman duenez, EAJ-PNVk konpromiso sendoa hitzemanda dauka euskal arrantza-sektorearekin, eta Euskadin estrategikoa izanik gaur egun erronka handiei aurre egin behar dien sektore hori babesten eta laguntzen jarraitu behar du. Lehenik eta behin, araudiaren ikuspegitik, Europar Batasunaren baitan deskarbonizazio-prozesuak planteatzen dituen eskakizun berriengatik, hirugarren herrialdeen lehiagatik edo arrantza-akordio jakin batzuen egoeragatik, hala nola Senegalekin adostutakoa ; izan ere, akordio horiek berritu ez izanak lau euskal atunontzi portuan amarratzera behartu ditu, eta eurodiputatu jeltzaleak horien egoera erreala zein den jakiteko interesa agertu du.

"Gaur hitz egin ahal izan dugu sektoreak dituen kezken inguruan, eta horrek zerikusia du belaunaldien arteko erreleboarekin, Europako araudiak berarekin dakartzan arazoekin, lehia desleialarekin eta produktuaren kalitatea eta sektorearen garrantzia defendatuko duen euskal lobby bat egiteko egon daitezkeen aukerekin. Horregatik, oso garrantzitsua da eurekin harreman zuzena izatea eta euren ardurak, eskaerak eta kezkak gure gain hartzea, hemendik aurrera landu ahal izateko", adierazi du Bermeora egin duen bisitan, Izaskun Bilbao Barandica eurodiputatu ohia, Anertz Muniategi, Julio Moron, Maitane Leizaola eta Aurelio Bilbao ondoan izan dituela bilerak amaitutakoan eskaini duen agerraldian.

Sektoreko ordezkariekin egindako topaketa hauek baxurako eta alturako sektorearen, kontserba-enpresen eta atunontzien egoera, proposamenak eta kezkak bertatik bertara ezagutzeko aukera eman diote. "Euskadirentzat, Eusko Alderdi Jeltzalearentzat, lehen sektorea eta arrantza-sektorea estrategikoak dira herrialdearentzat dakarten guztiagatik", adierazi du. Bisitan, Agirregoitiak adierazi du EAJ-PNVk konpromiso sendoa hitzeman duela arrantza jarduera elkarrizketaren bidez eta lankidetzaren bidez defendatzeko, balio erantsia izateaz gain eta enplegua sortzeaz gain tokiko eta Euskadi osoko garapenari laguntzen baitio.

"Datozen asteotan gai garrantzitsuak landuko ditugu Europan. Alde batetik, datorren asteartean Costas Kadis arrantza-komisarioarekin egongo gara, eta hemendik eta martxora arte Ozeanoen aldeko Ituna deiturikoa landuko dugu. Itun hori oso garrantzitsua dela uste dugu, ingurumenaren iraunkortasunagatik ez ezik, sektorearen alderdi sozial, ekonomiko eta industrialengatik ere", azaldu du, hurbilen dauden bi lan-arloei erreferentzia eginez.

Lehenengoa, datorren asteazkenean, urtarrilaren 22an, Renew Europe taldeko eurodiputatuek Kadisekin egingo duten bilera, Senegalgo portuetan amarratuta dauden atunontziek akordio faltagatik bizi duten egoera zaila planteatzeko aprobetxatuko dena; bigarrena, Ozeanoen aldeko Europako Ituna, Bruselan lantzen hasi direna. Agirregoitiak Renew taldeko koordinatzaile gisa parte hartuko du lanketa horretan.

Eurodiputatuaren asmoa da etorkizunean beste sektore batzuekin lan egiteko formula hori berori errepikatzea, Bruselan eta Estrasburgon komisarioekin eta beste eragile batzuekin goi mailako bilerak egiten dituen heinean, eragindako sektorearekin aldez aurretik elkarrizketa bat izateko, "haien kezkak eta garapenerako aukerak hara eramateko", azaldu du.

Bilera horiei esker, EBk abenduan adostutako Harrapaketen Guztizko Onargarrien (TAC) eta 2025erako kuoten balantzea egin du Agirregoitiak sektorearekin, merkatu bidezko eta lehiakorra bermatzeko moduaz, sektoreko langileen egoeraz edo belaunaldien arteko erreleboaz. Halaber, EBren eta Senegalen arteko arrantza-akordioa berritu ez izanak ekarri duen inpaktuan fokua jartzea ahalbidetu du horrek. Izan ere, EBk akordioa ez luzatzea erabaki zuen joan den urtearen amaieran, eta amuzki biziarekin arrantzan ari diren lau ontzi amarratuta geratzera behartu ditu. Halaber, Thailandiarekin egindako negoziazioen egoeran jarri dute arreta, 2023ko martxoan ekin baitzioten berriro akordio horri, eta horrek ondorioak izan ditzake euskal atunontzien sektorean. Azkenik, gaurko topaketak amaitu dituzte euskal erakundeetako ordezkariei gai honen inguruan dituzten ikuspuntuak azalduz.

Interesatu Zaitez