EAJ-PNVko eurodiputatuak Europako Batzordeari zuzenduta aurkeztu dituen galderen artean ohartarazi du arrantza jarduera geldituta dagoela eta Arrantza eta Akuikulturarako Europar Funtsak sektoreari inolako konpentsaziorik eskaini ez diola
Oihane Agirregoitia, Renew Europe taldeko arrantza gaietarako diputatuekin batera, urtarrilaren 22an batzartuko da Estrasburgon Costas Kadis Arrantza eta Ozeanoetarako komisarioarekin, beste gai batzuen artean, Senegaleko portuetan amarratuta jarraitzen duten lau atunontzien egoera latza aztertzeko, itsasoratu ezinik jarraitzen baitute EBren eta Afrikako herrialde horren arteko arrantza akordioaren protokoloa iragan azaroan amaitutzat eman zenez geroztik.
Bilera horri lotuta, euskal eurodiputatuak gaur, astelehenarekin, galdera sorta bat bidali dio Europako Batzordeari, egoera horrek Europako ontzidiarentzat dakartzan ondorioez ohartarazteko. EBren eta Senegalen arteko akordioak, eurodiputatu jeltzaleak gogoratu duenez, askotariko arazoren aurrean aurkitu da orain arte. Lehenik eta behin, Senegaleko gobernuak uko egin diolako Europako armadoreei arrantza baimenak emateari eta, bigarrenik, amuzki bizia erabiltzen duten itsasontziei debekatu egin zaielako Hann badian arrantzatzea.
“Horrek ekarri zuen 22 hilabeteetan arrantza bertan behera utzi behar izatea eta tarte horretan itsasontziek ez dute inolako konpentsaziorik jaso Arrantza eta Akuikulturarako Europako Funtsaren aldetik”, esan du Agirregoitiak. Horri lotuta, Batasuneko exekutiboak “Senegali txartel horia atera dio legez kontrako egoeran arrantzan aritzeagatik, eta azken honek ez du une honetan protokolo berririk izenpetzeko asmorik, Europako ontzidia guztiz babesgabe utziz”, gaineratu du euskal eurodiputatuak.
Agirregoitiak espero du Europako Batzordeak irizpideren bat ematea amuzki biziarekin arrantzatzen duten ontziei konponbideren bat emateko, beste kaletara joaterik ez dutela gogoan. Era berean jakin nahi du FEMPAren aldetik partidaren bat gaitzeko asmoa dagoen akordioa bertan behera utzi izanak kaltetu duen euskal eta europar ontzidiari laguntzeko.
Batzarrak Bermeon
Kadisekin aurreikusita dagoen bileraz gain, euskal eurodiputatua ostiralean bertan batzartuko da Bermeon bajurako zein alturako ontzidien ordezkariekin eta kontserba enpresekin. Halaber, Agirregoitia Bermeoko Arrantzaleen Kofradiako kideekin, kontserba-enpresetako ordezkariekin, armadoreen elkarteekin eta atunontzi izoztaileen enpresekin bilduko da sektorearen egoerari heltzeko eta laguntza-neurriak aztertzeko.