Joseba Diez Antxustegi EAJ-PNVren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak kritikatu du Ezker Abertzaleak etika lezio faltsuak ematen dituela Euskadin, Madurok Venezuelan egindako iruzurra txalotu eta babesten duen bitartean
Joseba Diez Antxustegi EAJren Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak EH Bilduren eta PPren estrategia bateratua salatu du gaur goizean: "zarata sortzea besterik ez dute nahi", erdi egi eta fake news bidez. Estrategia horren bidez, "iritzi publikoa nahastu eta politikaren izen ona galtzen lagundu nahi dute". Gotzone Sagardui sailburu ohia Gasteizko klinika batean kontratatzeari buruz bi talde horiek azken orduetan zabaldu dituzten desinformazioei erantzunez egin ditu adierazpen horiek ordezkari jeltzaleak. "Horretarako ados jartzen dira Bildu eta Alderdi Popularra", adierazi du, "politikaren aurkakoa egiteko".
Bere hitzaldian, Diez Antxustegik hainbat galdera eta erantzun jarri ditu mahai gainean. "Irizpide batzuk ezarrita al daude Jaurlaritzaren erantzukizunak izan dituen norbaitek etorkizunean jarduera pribatua garatu ahal izateko? Bai. Sailburu ohiak betetzen al ditu irizpide horiek? Bai. Legezkoa al da, beraz, enpresa pribatu batek kontratatzea? Bai", baieztatu du. "Eta kontratazio horren etikari dagokionez... merkataritza-harremanik izan al du Osasun Sailak enpresa horrekin iraganean? Ez. Orainaldian dauka? Ez. Etorkizunean izango du? Ezta ere. Eta, hain zuzen ere, halaxe jakinarazi dio Sailak enpresari berari. Beraz: Eusko Jaurlaritzak zero euro kontratatu ditu klinika honekin ".
Izan ere, azken orduetan sortu duten zarata guztia "beste urrats bat" da, batzuek aspalditik praktikatzen duten politikaren "ospea galtzeko estrategia" baten barruan. "Eta beste gogoeta batera garamatza: politikatik pasatzen den pertsona batek ezin al du bere esperientziarekin eta prestakuntzarekin zerikusia duen jarduera pribatu batean jardun? Guk uste dugu, ezarritako baldintzak betetzen badira, egin dezakeela. Hori eragozten badugu, bi gauza lortuko ditugu: ez garela gai izango politikara talentua erakartzeko, profesional onenek ez dutelako etorri nahi izango; eta, are okerrago, inork ez du politika utzi nahi izango eta bere postuei eutsiko die ", azaldu du EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak. "Herri honek horri buruzko hausnarketa egin behar du".
Era berean, Diez Antxustegik "Ezker Abertzaleak gai batzuetan eta besteetan aplikatzen dituen etika estandarrak" kritikatu ditu. Izan ere, Giza Eskubideen, demokraziaren eta askatasunaren defentsaren ikuspegitik jasanezina den egoera babestu, defendatu eta zuritu dute, hala nola Madurok eta bere erregimenak egindako iruzurra. Aktak erakutsi ez dituen erregimen horrek oposizioa zapaldu du... ". Bozeramaile jeltzaleak gogorarazi duenez, Ezker Abertzaleak ordezkaritza bat bidali zuen lehendabizi hauteskundeetara Maduroren alde egiteko eta haren garaipen faltsua txalotzeko. Orain jakin denez, Ziortza-Bolibar (Bizkaia) herriko alkatea Madurori babesa ematera joan da Venezuelara, ordezkaritza instituzionala alderdikeriaz erabiliz eta Simon Bolivar, Madurok zapaltzen dituen askatasunak defendatu zituen pertsonaia historikoaren jaioterria izatea koartada gisa erabiliz.