EAJ-PNVk oso pozik hartu du Euskadiko Pilota Selekzioak ofizialtasuna lortzeko gaur Iruñean eman duen behin betiko urrats historikoa

Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzak Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza kide gisa onartzea erabaki du. Ebazpen honek, Euskal Taldeak 2022an Kirolaren Legean sartu zuen aldaketarekin batera, euskal pilotariek Euskadiko kamiseta lehiaketa ofizialetan defendatzea ahalbidetuko du.

EAJ-PNVk oso pozik hartu du Euskadiko Pilota Selekzioak ofizialtasuna lortzeko gaur Iruñean eman duen behin betiko urrats historikoa 28Abenduak
2024
2024 AbenduaK 28 |
EBB

PARTEKATU

EAJ-PNVk zorionez hartu du Euskadi Pilota Selekzioak gaur eguerdian Iruñean ofizialtasuna lortzeko eman duen urrats historiko eta behin betikoa. Nafarroako hiriburuan bilduta, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioaren (FIPV) Batzar Nagusiak erabaki du, eskatzen zen bi hereneko gehiengo kualifikatuaren babesa gaindituz, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza-Federación de Pelota Vasca de Euskadiren (EEPF-FPVE) sarrera-eskaera bideratzea. Gaurtik aurrera, Euskadiko Euskal Pilota Federakuntza FIPVko kidea da. Erabaki horrek, Kongresu eta Senatuko Euskal Taldeak 2022ko urrian Kirolaren Legean egindako aldaketarekin batera, ahalbidetzen du euskal pilotariek Euskadiko kamiseta janztea eta nazioarteko lehiaketa ofizialetan ikurrinarekin desfilatzea.

EAJ-PNVk 2022ko urrian lortu zuen Kirolaren Legeak aitortzea kirol-federazio autonomikoek zuzenean parte har dezaketela nazioarteko lehiaketetan, “kasuan kasuko autonomia erkidegoan historikoki eta sozialki errotuta dauden kirol modalitate edo espezialitateen kasuan edo federazio autonomikoa nazioarteko federazio bateko kide izan balitz Espainiako federazioa eratu aurretik”. Alderdi jeltzaleak lege aldaketa hori bultzatu eta ahalbidetu zuen aurreko legegintzaldiko inbestidura akordioaren 11. puntua betetzeko. Akordio hori 2019ko abenduaren 30ean sinatu zuten Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek eta Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek. Aipatutako 11. puntuak “kirolaren eta kulturaren eremuan Euskadiren nazioarteko ordezkaritza sustatzeko bideak irekitzera” deitzen zuen.

2022ko urriaren 25ean, Kirolaren Legearen aldaketa Diputatuen Kongresuko Batzordean onartu zenean, Ortuzarrek prentsaurreko bat eskeini zuen Sabin Etxean Euskal Pilota Federazioko presidente Gotzon Enbil, Pilotaren Munduko Kontseiluko presidente Fernando Azkarate, Euskal Surf Federazioko idazkari Meritxell Pagadigorria eta EBBren Hezkuntza, Kultura, Euskara eta Kirol Arloko arduradun Ana Esther Furundarenarekin. “Aldarrikapen bat dago herritarren artean euskal selekzioen alde. Aldarrikapen horri erantzunez, gure federazioek urteak daramatzate lanean eta aldarri horren alde, kalean eta bulegoetan. Alderdi politikooi behin baino gehiagotan eskatu digute esparru politikoan laguntzea, eta horixe da EAJren aldetik urteotan egin duguna: Euskadiko herritarren gehiengoak eta kirolariek egiten duen aldarrikapen hau defendatzea eta sustatzea”, adierazi zuen egun hartan EBBko presidenteak.

EAJ-PNV zoriontzen da gaur milaka euskal pilotariren ametsa eta euskal gizartearen gehiengo ikaragarri baten irrika ahalbidetzen modu erabakigarrian lagundu duelako. Eta konpromisoa hartzen du ahalik eta kirol-diziplina gehienei ofizialtasunerako bidea egiten laguntzeko. Alderdi jeltzaleak euskal federazioetako ehunka arduradunek euskal selekzioen ofizialtasunaren alde egindako lana, konpromisoa eta dedikazioa aitortu eta eskertu nahi ditu gaur. EAJ-PNVk bere egin ditu gaur Joseba Agirretxea diputatu jeltzaleak 2022ko urriaren 25ean Diputatuen Kongresuan esan zituen hitzak: “Gure asmoak ez dira oraindik guztiz bete eta lanean jarraituko dugu aitortza hau erabatekoa izan dadin eta kirol diziplina guztietara hel dadin”.

 

Interesatu Zaitez